Uda ere "latza" aurreikusten du Blanca Nieves Martinez gasteiztarrak enpresarentzat, Espainiatik kanporako bidaiak soilik saltzen dituen konpainiarentzat.
Hasi zarete egoerari buelta ematen?
Atzerriko bidaien handizkako enpresa izanik, dena bertan behera utzi behar izan dugu, eta estatu barruan mugitzen diren agentziei baino gehiago kostako zaigu egoerari buelta ematea. Orain, uztailarekin zer gertatzen den zain gaude; konfinamenduaren aurretik egindako erreserba kopuru handia dugu; distantzia luzeko bidaiak, taldeekin, elkarteekin…
Azken unean erabakitzen dute bezeroek zer egin?
Guk hori gomendatzen diegu. Zerbitzu horiek bertan behera geratu ez badira, hegaldiak aterako badira eta zirkuitoa martxan jarriko bada, eta bezeroak atzera egiten badu, hainbat gastu izango ditu. Itxoin egin behar da, eta nola doan jarraitu. Ekainaren amaierara arte dena kantzelatuta geratu da; bezeroek duela hilabete bertan behera utzi izan balute, gastuaren %25 izango zuketen. Horretarako gaude agentziak, arazo guzti hauek saihesteko. Horregatik, nahiz eta ez dugun bidai berririk saldu, ezin izan dugu enpresa itxi; erreserba horiek guztiak kudeatu behar dira, eta horretarako gure lankideetako %10 daude lanean, jardunaldi erdian. Batez ere, hegazkin-konpainien dirua itzultzeko izapideak egin behar ditugu; ezer ez irabazteko lan egin behar da.
Uztailerako nolako aurreikuspena egiten duzue?
Gauza bat da guk saldu nahi duguna, eta beste bat errealitatea. Espainiako agintariek atzerrira ez ateratzea aholkatzen duten moduan, bertan kontsumitzen geratzeko, hori bera egiten dute beste herrialdeek ere. Eta logikoena hori dirudi, bakoitza bere herrialdean geratzea, eta beharra duena bakarrik ateratzea. Kontuan izan behar dugu herrialde askotan ezingo garela sartu; konfinamenduaren aurretik ere Espainiako herritarrei sarrera itxi zieten hainbat herrialdek… Eta mugitzen hasten denean, jendea Europan zehar mugitzen hasiko da, hurbilen dauden herrialdeetan.
Susperraldia ez dirudi gertu, beraz…
Gure kasuan, gehienez ere urritik aurrera zerbait egin ahal izango dugula uste dut. Estatu mailan susperraldia lehenago izango da, eta irailean ere denboraldi txiki bat berpiztuko dela esaten ari dira. Baina euren lana galdu edota aldi baterako espedientearekin gaudenon egoera nolakoa izango den ere kontuan izan behar dugu, eta gasturako aukerak ziurrenik murriztuko direla…
Babes falta sentitu duzue agintarien aldetik?
Bai. Ez dugu inoiz halakorik bizi; 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz ere salmenta asko jeitsi zen, baina ez genion saltzeari utzi. Eta oraingo honetan egun batetik bestera utzi behar izan dugu. Eta Gobernuaren aldetik babes falta sumatu dugu; turismoaz hitz egiten duenean, ez ditu inoiz kontuan hartzen bidaia-agentziak, eta are gutxiago atzerrira bidaiak egiten dituen gurea bezalako enpresa bat. Espainiako turismoaz ari da beti, Espainiak jaso dezakeenaz. Martxotik ez da erreserbarik sartu, baina horretaz gain, aurreko hilabeteetan egindako lana zakarrontzira joan zaigu; urriaz geroztik Aste Santura begira egindako lan guztia galdu dugu.