Alestis, Tubos Reunidos, Mercedes eta Michelin: krisiaren itzala Arabako ekonomian

Amurrioko 628langileri eragingo dien ABLEEa aplikatu du Tubos Reunidosek. / ALEA

Covid-19aren osasun krisiaren eragina gero eta nabariagoa da Arabako enpresa nagusietan: Alestis eta Tubos Reunidos enpresetan ABLEEak aplikatu dituzte; eta Mercedes zein Michelineko ekoizpenak behera egin du.

Arabako ekonomiari dagokionez, bata bestearen atzean iritsi dira aste honetako berri txarrak, osasun krisialdi betean oraindik. Astearteko datuen arabera, une honetan Araban, aldi baterako 3.950 lan erregulazio espediente daude martxan; horrek 41.285 langile ingururi eragiten die.

Asteazkenean, Alestisek lau hilabeteko ABLEE bat aurkeztu du, gehiengo sindikalaren babesik gabe. Atzo bertan, Tubos Reunidosek iragarritako ABLEEa aplikatu du, kasu honetan enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe ere.

Bestelako datu kezkagarri batzuk ezagutu ditugu azken orduetan: Mercedesen ekoizpena beste %5 jaitsi da, eta abuztu osoa itxita egongo da; bestalde, pneumatikoen fabrikazioa erdira murriztu da Michelinen, pasa den urtearekin alderatuta.

Covid-19ak eragindako ezohiko egoerak ondorio gehiago utziko ditu gure lurraldeko ekonomian, zalantzarik gabe. Baina ekonomia horren motore den jarduera industrialari dagokionez, azken berriak aztertu ditugu ALEAn.

Alestis Miñaoko parke teknologikoan kokatutako sektore aeroespazialeko enpresa da. / ZARATEMAN

 

Alestis: ABLEEa 146 langileri

Miñaoko lantegiko 146 langileri eragingo die Alestisen ABLEEak: zuzeneko 116 eta zeharkako beste 30; hau da, 187 langilek osatutako plantillaren %78ri. Datozen lau hilabeteetarako izango da, ekainaren 1etik irailaren 30era, ekoizpen-arrazoiengatik kontratuak etetearen ondorioz, eta soldata ez da SEPEren ekarpenaz harago osatuko.

Hamabost egunean behin lanpostuaren eta langabeziaren artean txandakatuko dira, gehienez 55 egunez. 60 laguneko talde bat langabezian egongo da lau hilabetez, baina 500 euroko osagarria jasoko du.

Akordioak ez du LABek, ELAk eta CGTk osatutako Gasteizko lantegiko gehiengo sindikalaren babesik lortu: "Ez du enplegua bermatzen ABLEEa amaitzen denean", kritikatu dute sindikatuek, eta estatu mailan negoziatu dela salatu dute.

Tubos Reunidos: ABLEEa 628 langileri

Amurrioko bere lantegian 850 langileetatik 628ri eragingo dien bost hilabeteko ABLEEa aplikatzea erabaki du Tubos Reunidosek, ekainaren 1ean hasita eta urriaren 31ra arte; Alestisen kasuan bezala, enpresak ez du soldata osatuko. "Antolaketa eta ekoizpen arrazoiengatik" hartu du erabakia.

2009tik enpresak aplikatu duen zazpigarren espedientea da, eta ez du enpresa batzordearen babesik. Sindikatuek kritikatu dute enpresak ez duela "langileentzako ondorioak arintzeko inolako akordiorik" lortu nahi izan.

Mercedes: abuztuan itxita

Apirilean galdu zituen 29.300 furgonetei (%18) gehituta, beste 6.200 furgoneta egiteari utziko dio Mercedesek 5.000 langile inguru dituen Gasteizko lantegian; hau da, duela hilabete bat aurreikusitakoaren %4,8 gutxiago.

Osasun krisia hasi baino lehen Vito eta Clase V modeloetako 159.000 furgoneta egitea zen helburua, baina horrela ekoizpena 123.500 furgonetetan geratuko da. Beherakada horrek balizko ABLEE baten inguruko zalantzak areagotu egin ditu: "Ez dakigu zer gertatuko den irailetik aurrera", adierazi du langileen batzordeak.

Maiatzaren hasieran multinazionalak abuztuan bi astez lan egitea proposatu bazuen ere, orain egutegia aldatu da: lantegia abuztuko osoa itxiko da. Eta, hasieran zuzendaritzak planteatu zuen arren, langileek ez dute ekaineko zein uztaileko larunbatetan lan egingo.

Mercedesek Gasteizen duen fabrikan 5.000 langile inguru daude. / MERCEDES-BENZ

 

Michelin: ekoizpena erdira murriztu da

3.300 lanpostu zuzen ditu Michelinek Gasteizen duen lantegiak, eta une honetan, osasun krisia hasi zenetik bigarren ABLEEan murgilduta dago.

Azken urtean, pneumatikoen fabrikazioa erdira jaitsi dela adierazi du enpresak: "Laguntzak eman daitezke eta eman behar zaizkie hainbat sektoreri, hala nola fabrikatzen duen industriari, zerbitzuei edo turismoari. Eskuzabalak izan behar dugu gizarte gisa", adierazi du Mariano Arconada lantegiko zuzendariak, Radio Euskadin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide