Egiarte Lizarraga | Eroski Bidaiak

"Segurtasuna nahi dute askok, eta nabari da bidaia aukeretan"

Anakoz Amenabar 2020ko mai. 30a, 08:00

Arg: Egiarte Lizarraga

"Ahazteko moduko" hilabeteak igaro ondoren, gutxinaka egoerari buelta ematen hasi da turismoaren sektorea, eta bidaia-agentzietan nabari dira erreserbak. Estatuko bidai proposamenak dira nagusi, beste herrialde batzuetara zailago, eta nekez izango da Europatik kanpoko oporraldirik.

Azken hilabeteetako kolpe gogorraren ostean, turismoaren sektorea poliki-poliki berpizten hasi dela nabarmendu du Eroski Bidaiak agentziako Egiarte Lizarragak, oraindik ere zalantza ugari eta ezjakintasuna nagusi den arren. Urteroko udako joan-etorri luzeen aldean gertuagoko bidaiak eta masifikaziotik aldendutako planak aukeratu dituzte askok hurrengo oporraldirako. 

Hasi dira, berriz ere, deiak bidaia-agentzian?

Bai, jendea animatzen hasi da, eta azken egunetan hamaika erreserba egin ditugu. Hilabete zailak izan dira guztiontzat eta merezi dugu oporraldi on bat. Guk udaberria galdu dugu, garai garrantzitsua guretzat lanean, baina ez hori bakarrik, aurreko hilabeteetan egindako lan asko ere bertan behera geratu da honen ondorioz... Halere, bidaia-agentzian ez dugu etenik izan, eta deiak etengabe izan dira kantzelazioetarako; aholkulariak lanean izan dira etxetik, batez ere bertan behera geratu diren bidaiei irtenbide bat ematen eta jarritako dirua berreskuratzeko aukerak ematen.

Dirua berreskuratu ahal izan dute bezeroek?

Gehienetan bai. Kontuan izan, hori bidaia-agentziaren esku ez dagoela askotan, hegazkin konpainia batzuek egiten duten ordainketaren araberakoa da, eta ez da erraza izaten. Halere, kasu horietan saiatu gara bestelako eskaintza batzuk egiten bezero horiei, beste leku batzuetarako edo beste garai baterako bidaiak eskaintzen.

Nolako eskaintza duzue momentu honetan?

Oraindik zalantza ugari daude. Ekaina erdialdean hasiko da jendea Espainiako probintzien artean mugitzen, eta bestelako arazorik ez badago batez ere estatu mailako bidaiak izango dira nagusi aurten. Prezioei dagokienez, gainera, ez da aldaketa handirik izango, eta aukera izan daiteke hango txokoak deskubritzeko.

Gomendio bila hasita...

Kostaldeak maite baditugu, Andaluzia aukeratuko nuke; besteak beste, hondartza luzeak dituelako eta distantzia neurriak mantentzeko aukera aproposa izan daitekeelako. Barnealde ezezagun bat ere bisitatu dezakegu, naturaz, kirolaz edota historiaz gozatu nahi badugu; horretarako bidaia polita izan daiteke Gaztela eta Leonera.

Kostaldean jende pilaketak saihestea zaila izango da aurten?

Kostaldeak, dudarik gabe, beti du arrakasta. Eta guk ere nabari dugu erreserbetan. Baina aurtengo oporrak desberdinak izango dira, eta hainbat neurri bete beharko dugu; hori ezin dugu ahaztu, goazen lekura goazela. Dena den, ez dut uste beste urte batzuetako jendetzarik izango denik, batik bat beste herrialde batzuetatik datozen bisitarien kopurua nabarmen txikiagoa izango delako. Uztailetik aurrera etorri ahal izango dira hainbat lekutatik, baina ez guztietatik ere, eta hori nabarituko da.   

Europara begira, zer aukera daude? Bidairik saltzen ari zarete?

Frantzia, Portugal eta Alemaniarako nahikotxo saltzen ari gara. Aurretik, herrialde bakoitza aztertu behar dugu, noski, koarentenarik ez dagoela ikusi... eta gertatuko denaren aurreikuspena egin behar dugu. Uste dut Amerika eta Asia ez direla oporraldirako horren eskura egongo; lanera joango diren lagunentzako bidaiak izango dira, batik bat. Beharbada irailetik aurrera izan daiteke, baina uztaila eta abuztua oso gertu daude halako erreserbak egiteko.

Etxe inguruan geratzeko aukera egin dute askok?

Bai, eta guk ere bultzada berezi bat eman nahi izan diogu horri. Azken hilabeteetan Euskal Herriko apartamentuak, alokatzeko etxe osoak edota landetxe aukera gehiago eskaintzen ari gara.   Koronabirusa dela eta, segurtasuna nahi dute herritar askok, eta nabari da bidaia aukeretan. Beste alde batetik, kanpotik etorriko direnen interesa ere ikusi dugu; Donejakue Bidearen inguruko webgune bat du Eroskik, informazio ugari eta eguneratutako albisteekin, eta ikusi dugu eskaera ugari ari direla egiten beste herrialde batzuetatik; haien herrialdetik ateratzea posible izango den beste kontu bat da hori...

Bidaia-agentziak bizi izan duen momenturik zailena izan da hau?

Bai. 2008ko krisia ondo gogoratzen dugu, negozioarentzat ere latza izan zen, baina ez honen modukoa. Orain egun batetik bestera heldu da etena, eta denboraldi bat galdu dugu. Bi hilabete ahazteko modukoak izan dira. Halere, aurrera begira, baikor gaude, eta uste dugu denon artean aurrera aterako dugula. Eroski Bidaiak-ek 40 urte betetzen ditu aurten, eta beste hainbeste ospatu nahi ditugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago