uda-aisialdia

Udak dakartzan proposamen berezien zain

Mirian Biteri 2020ko mai. 29a, 08:00
Ekainaren 13an zabalduko da bainu denboraldia Arabako urtegietan; ezkerreko irudian, Landako eremua. ERLANTZ ANDA

Arabako udalak lanean dabiltza udari begirako aisialdi eta kultura eskaintza prestatzen. Diputazioan ere kontingentzia-plana osatzen ari dira, ekainaren 13an bainu denboraldia zabaldu ahal izateko.

Koronabirusak eraginda, oraindik ere muga asko baldin badaude ere, apurka badoa egoera normaltasunerako bidea egiten: astelehenetik badago etxekoekin edo lagunekin elkartzeko aukera eta baita kirola taldean praktikatzeko ere. Eguraldia lagun, gainera, etxetik kanpo egoteko gogoa piztu egin da arabarron artean; herrialdeko erakundeak horretaz jabe dira, eta dagoeneko hasi dira datozen hilabeteotako plangintzak pentsatzen eta hainbat udalerritan baita zehazten ere.  

Asparrenean, adibidez, aste osoa eman dute horren gainean hitz egiten. Txelo Auzmendi alkateak azaldu du erabaki zehatzak egunotarako deituta dauden bilkuretan hartuko badira ere, adostuta dutela jarraituko duten ildoa. "Zerbitzu guztiak egokitzearen aldekoak gara. Osasun krisia hasi zenetik saiatu gara, ahal izan den neurrian, eta moldatuta bada ere, horiek mantentzen; eta aurrerantzean ildo beretik jarraituko dugu", azpimarratu du.

Txelo Auzmendi: "Ekimen masiboak saihestuko ditugu, eta horien ordez auzoz-auzo sakabanatuta egongo diren ekintza xumeak izango ditugu".

Jaiak, "Araiarentzat bakarrik"

San Pedro jaiak ate joka dituzte Araian, eta horiekin aurrera egingo dute: "Ez dira orain arteko festak bezalakoak izango. Oso programa apala izango da, baina ospatuko ditugu". Herriko eragile eta auzokideen batera dabiltza "Araiarentzat bakarrik" begirako jaiak antolatzen: "Ekimen masiboak saihestuko ditugu, eta horien ordez auzoz-auzo sakabanatuta egongo diren ekintza xumeak izango ditugu, hala nola, sukaldaritza lehiaketaren bat, trikitixa eskolako taldeen kalejira edo umeentzako magia ikuskizuna. Aukera ezberdinak aztertzen gabiltza". Bestalde, abuztuko umore antzerki jaialdi ospetsuan ere pentsatu dute: "Ez da betikoa izango. Gertuko taldeak izango ditugu aurten, Arabakoak edo Euskal Herrikoak". Udan zehar antolatzen diren gainerako jarduerekin ere antzera jokatuko dute.    

Arraia-Maeztun ere lanean dabiltza. Anartz Gorrotxategi alkateak azaldu du aurrekontuak berrikusi ostean, datorren asteazkenean osoko bilkura egingo dutela udari begirako plangintzan aurreratzen joateko. Gogorarazi du Arraia-Maeztu bezalako udalerri txiki batean baliabideak "murritzak" direla; are gehiago, Aldundiak udalei ematen dion ekarpenaren murrizketaren ondotik. Hori kontuan izanda eta segurtasun baldintza zorrotzen ondorioz, aipatu du "zaila" izango dela igerilekuak bezalako azpiegiturak zabaltzea; berdin gertatuko da umeei zuzendutako udalekuekin eta gainerako jarduerekin. Dena dela, gaineratu du saiatuko direla datozen hilabeteotarako hainbat kultura jarduera mantentzen, hala nola, Korterraza edo Magialdia. Nagusientzako eguneko arretarako zentroa zabalik mantentzearen aldekoa ere bada Gorrotxategi. "Dena dela, osoko bilkuran adostu beharko dugu zer egin eta zer ez", gaineratu du.  

Zumalde parkean dago Arraia-Maeztuko igerilekua. ARRAIA-AMEZTUKO UDALA

Garaio eta Landa, ekainaren 13tik zabalik

Bainu denboraldia ere iristear dago. Azken orduko aldaketarik ez badago, ekainaren 13tik aurrera egongo dira erabilgarri Arabako "hondartzak". Ingurumen diputatu Josean Galerak jakinarazi duenez, Garaioko eta Landako parkeek duten zabalera kontuan izanda, ez da murrizketa handirik izango, eta "komun, dutxa eta garbiketa guneetan aldaketa txikiak" baino ez dira egin beharko koronabirusak eragindako egoera berrira egokitzeko. Arabako Batzar Nagusietan asteon egindako agerraldian aurreratu du kontingentzia-plan bat osatzen ari direla horren harira, "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta ministerio-aginduen jarraibideen babesean" garatuko dena. 

Gasteizen oraindik ez dute zehaztu igerilekuen irekiera data, ez eta bertako funtzionamendua ere.

Arraia-Maeztuko alkateak agerian utzi duen bezala, igerilekuetan ez da horren erraza izango ezarritako jarraibideak betetzea. Gasteizko Udaletik, esaterako, iragarri dute oraindik ez dutela zehaztu igerilekuen irekiera data, ez eta bertako funtzionamendua ere. Osasun agintarien eta gainerako udalen irizpide bateratuaren zain daudela aipatu dute.

Osakidetzak, bitartean, bainu eremuetarako osasun irizpideak argitaratu zituen pasa den astean; krisia hasi zenetik emandako ohiko gomendioei honako hauek gehitu dizkio, besteak beste: pilaketak saiheste aldera hondartzetan eta igerilekuetan bizpahiru ordutik gora ez egotea; eskuoihalik ez partekatzea; eta etxera heldu bezain pronto, bainujantziak garbitzea. Bestalde, eremu horietako kudeatzaileek baloratu beharko dute edukierak kontrolatzen dituzten, gehieneko egonaldiak ezartzen dituzten edo ordu-tarteak ezartzen dituzten; eta horretan lanean dabiltza, hain justu ere, Gasteizko zein herrialdeko bestelako erakundeetako ordezkariak.

Gatz haranean, gune berria

Baina, bainuaz gain, herrialdean ere badaude bestelako proposamenak. Larunbatean, esaterako, Añanako Gatz Harana zabaldu zuten berriro ere arabarrentzat. Bisita gidatuak eskaintzen hasi dira gatzagak ezagutzeko; gehienez ere, 10 pertsonaz osatutako taldeak antolatzen dituzte. Gainera, hainbat ibilbide prestatu dituzte, ordutegi ezberdinetan, familiek edo lagun taldeek elkarrekin egin ahal izateko.

Horrez gain, gatz tailerrean parte hartu ahal dute bisitariek, hilabeteotan egokitutako 900 metro koadroko gune berri batean; zabalera horri esker, hiru tailer egin ahal izango dituzte bertan aldi berean. Hori lortzeko, 32 gatz larrain, bost putzu, biltegi bat eta hiru trabukete birmoldatu behar izan dituzte eta erabiltzaileentzako ibilbideak egokitu. Gatza Haranaz gain, etxetik gertu beste hamaika eskaintza izango dira aukeran. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide