ARTgia

#ResiliART: 32 euskal artisten bizipenak erakusketa birtual batean

Erredakzioa 2020ko mai. 27a, 13:34
32 artistak euren bizipenak erakutsiko dituzte #ResiliART erakusketa birtualean. / ARTgia

#ResiliART erakusketa birtualak alarma egoera deseskalatzeko lehen faseetan sortutako lanak biltzen ditu. Maiatzaren 28an inauguratuko da, 20:00etan ARTgia sorgunearen webgunean.

"Artistek krisi honetan izan dituzten sentsazioen unibertso zabala ikusarazteko aukera ematen du", azaldu dute ARTgia aretoko kideek. ARTgia Sorgune & Aretoa galeriak, UNESCO Etxeak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak egindako proposamenak 32 euskal artistaren lana biltzen du.

Garapen Jasangarrirako Helburuek gidatu dituzte ARTgiaren bigarren deialdi birtualeko lanak. Aurretik, #ARTdemia deialdi arrakastatsua egin zuten, eta oraingoan, erresilientzia izan da gai nagusia; hau da, gizakiek egoera kaltegarrietara modu positiboan egokitzeko duten gaitasuna.

Erresilientzia sormen mundutik aztertzen duen lagin bat proposatu dute deialdian: "Artearen bidez irudikatutako utopiak eta distopiak transmititzea ahalbidetzen duen lagina".

"Beste deialdi publiko bat egiteko gogo handia genuen, deseskalada fase berri honetara eta oraingoan ikuspegi postibo bati begiratuz, moldagarritasunera eta gainditzeko hausnarketetara bideratua", azaldu dute ARTgiako lagunek.

Konfinamenduan egindako lanen #ARTdemia erakusketa egin zen apirilean. / ARTgia

 

Une historiko bat

Ezohiko egoeran, deialdi berri honen gastuak arintzeko beharrezkoak izan dira bi kolektiboen arteko batasuna eta apustua. Izan ere, erakusketa birtuala izan arren, kostu ekonomikoa izango du, baina erakusketa aurrera eramateko beharra defendatu du ARTgiak.

"Une historiko batean adierazpen-premia nabarmena dago, eta, bestetik, kulturak bizi duen egoera larria ere agerian utzi behar da, krisialdi batetik irten gabe, bete-betean beste batean sartu baita", azaldu dute Begoña Lopez de Aberasturik eta Irantzu Lekuek.

Webgunea aukeratutako artisten ibilbideak, sorkuntzak eta hausnarketak erakusteko tresna izango da; horrekin batera, publikoaren interakzioa ahalbidetzeko eta obren online salmenta sustatzeko ere balioko du. "Jendearengana iristeko metodo berri bat da".

32 artista

ARTgia aretoko beteranoek #ResiliaART erakusketaren formatu birtualarekin bat egin dute oraingoan; tartean, Sara Berasaluce argazkilaria eta Eduardo Altsasua artista daude. Horiez gain, beste 16 arabar, 7 bizkaitar, 2 gipuzkoar, 4 nafar eta lapurtar bat daude aukeratutakoen artean.

Askotariko lanak, teknikak eta belaunaldiak daudela azaldu dute ARTgiatik, eta aukeratutakoen artean daude Txaro Marañon artista zeramikaria edota Eider Iturriaga argazkilaria, besteak beste.

Gainera, #ResiliART "publiko berrietara iristeko" helburua du: "Sarean agertzen diren artista horien guztien nahiei, borondateei, analisiei, inpotentziei eta abarrei irekitako leiho bat da, non helburua pentsamendu kronikoa sustatzea da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide