Adineko pertsonak eta bere senideak, gertuago

Erredakzioa 2020ko mai. 26a, 09:26
Musikoterapia, psikoestimulazio edota errehabilitazio zerbitzuak ere jarri dituzte berriz abian. / ALEA

Dementziak dituzten edo babes emozional handia behar duten adinekoek bisitak jaso ahal izango dituzte. Senideek betiere segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dituzte, eta aurretiko hitzordua eskatu beharko dute.

Astelehenean hasi zen bigarren fasearekin batera, Foru Aldundiak neurri berriak ezarri ditu, eta Arabako egoitzetan bizi diren adineko pertsonak bisitatzeko aukera gehiago eskainiko die senideei.

Maiatzaren 24ko dekretuaren arabera, foru aldundiek gizarte zerbitzuen eta ekipamenduen arloan berriz jarduerari ekiteko egutegiak eta baldintzak ezarri behar dituzte. Horren bidez, Arabako Aldundiak baimena eman du astelehenetik aurrera dementziak dituzten adinekoak egoitzetan bisitatzeko, baldin eta egoitzak horretarako egoki prestatuta badaude. Izan ere, egoera kognitibo hori duten pertsonek ezin dute egungo egoera ulertu, eta ezin dituzte telefonoa edo bideodeiak erabili senideekin harremanetan jartzeko. Horrez gain, arazo psikoemozionalen bat duten adinekoak ere bisitatu ahal izango dituzte senideek, baldin eta egoitzetako profesionalek uste badute gizarte isolamendua eteteak adineko horien ongizatea hobetu dezakeela.

Hala ere, bisita egin ahal izateko, aurretiko hitzordua eskatu beharko du senideak, eta ezingo du gaixotasun sintomarik izan. Gainera, segurtasun neurri zorrotzak bete beharko ditu:

  • Ezingo du egoitzan bizi den pertsonarekin kontaktu fisikorik izan.
  • Bi metroko segurtasun tartea utzi beharko du.
  • Lehen esan bezala, bisitak horretarako prestatutako lekuetan izango dira, gehienez ordubetekoak, eta bisitan doan pertsona beti bera izatea gomendatzen da.

Aurreko asteetako neurriak

Hasieran aipatutako neurriekin batera, Aldundiak bestelako neurriak ere ezartzen joan da aurreko asteetan, adinekoentzako egoitzetan bizi diren pertsonen gizarte isolamendua arintzeko asmoz, baina zuhurtziarekin eta segurtasunarekin.

Martxoaren 13an, bizitzaren amaierako zaintzak jasotzen ari diren pertsonen senideek bisitak egiteko aukera berriz baimendu zuten.

Maiatzaren 11n, koronabirusa ez duten egoiliarrei lorategietara ateratzeko aukera eman zieten, senideak ikusi eta agurtu ahal izateko; izan ere, egoitzaren esparrutik kanpo geratu behar dute senideek.

Hilaren 18tik aurrera, martxan jarri dira berriz zentroetako ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak. Horrez gain, langileek eskaintzen dituzten bestelako zerbitzuak ere abian jarri dituzte; hala nola, musikoterapia, psikoestimulazioa eta errehabilitazioa. Gainera, gune komunak berriz erabiltzen hasi dira, eta adinekoentzako eguneko zentroak ireki dituzte berriro, kasurik larrienak artatzeko.

Gizarte zerbitzuen gainerako kolektiboak

Aurreko kasuekin batera, egoitzetan edo ezgaitasunen bat dutenentzako etxebizitzetan dauden pertsonak bisitatu ahal izango dituzte senideek. Kasu honetan, baldintzak oso zorrotzak izango dira, eta segurtasun neurriak bermatu ditzaketen etxebizitzetan edo zentroetan soilik egin ahal izango dira bisitak.

Bestalde, Arreta Goiztiarreko Zerbitzua egiteke dituen balioespenak egiten hasiko zaie berriz garapen nahasmenduren bat duten edo izan dezaketen umeei, urrutiko euskarrien, txosten medikoen eta bideodeien bitartez.

Babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoei dagokienez, gaurtik aurrera familien etxeetan egiten diren esku hartzeak eta adin txikikoek beren senideak ikusteko bisitak ere jarriko dira berriz abian. Kasu hauek ere zenbait muga izango dituzte, eta, ahal izanez gero, leku irekietan izango dira. Era berean, talde jarduerak martxan jarriko dira, baina normalean parte hartu ohi duten pertsona kopurua herenera murriztuko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide