Koronabirusa

AHTaren inbertsio ekonomikoak premiazko beharretara bideratzea eskatu dute

Mikel Buruaga 2020ko mai. 26a, 10:30

Guadalupe Soleto erizaina, Iñigo Leza ekintzailea eta Eukene Rueda mugimendu feministako kidea. / ALEA

Gehiengo sindikala, auzo zein herri ekimenak, eta kolektibo ekologistak, feministak zein kulturalak atxikitu dira Orain Ardura manifestura: "AHTrako inbertsio ekonomiko guztia premiazko beharretarako erabiltzea eskatzen dugu".

AHTaren aurkako herri mugimenduen ekimenez, Hego Euskal Herriko sektore eta alor anitzeko kolektibo ugarik Orain Ardura ekimena abiatu eta hiriburuetan aurkeztu dute astearte honetan, talde eta norbanakoen babes zabalarekin.

Gasteizko Txagorritxu ospitalean egindako agerraldiaz gain, Iruñean, Donostian eta Bilbon ere aldibereko aurkezpenak egin dituzte, "gehiengo sozialaren babesa izateko asmoarekin", eta aldarrikapen argi batekin: Covid-19ak eragindako krisiaren testuinguruan, AHTaren proiektuak gelditzea eta inbertsio ekonomiko hori "premiazko beharretarako erabiltzea".

 

Osasun sistema eta zerbitzu publikoak

"Nahikoa langile eta baliabide dituen" osasun sistema publikotik hasita, zerrenda luze bat plazaratu dute, azpiegitura handi horien gastuak birbideratzeko aukerei dagokionez: "Adinekoen, mendekoen eta hauek zaintzen dituzten pertsonen zaintza; pentsio duinak; oinarrizko diru sarrerak; kalitatezko hezkuntza publikoa; euskararen sustapena; elikadura burujabetzaranzko hautua; kalitatezko zerbitzu sozialak; zainketen balioztatzea".

Covid-19aren krisiak "gogor" kolpatu dituen sektoreetaz bizi diren pertsonak babestea ere proposatu dute: komertzio txikiak, kulturgileak... Eta, azkenik, "krisi ekologiko eta soziala kontuan izango dituen eredu ekonomiko berrien beharra" azpimarratu dute..

"Bizi dugun egoera honetan, arduraz jokatzeko eskaera da luzatu nahi duguna, pertsonen osasuna eta bizi baldintzak kolokan diren momentu honetan, baliabideak berauen ongizatea bermatzeko izan daitezen", adierazi dute.

15.000 milioi euro

Milioi biztanleko abiadura handiko tren kilometro gehien duen estatua da Espainia; baina erabilerari dagokionez, bidaiari ratio txikiena du kilometro bakoitzeko. Aurreikusitako AHTaren atal guztiak eraikiko balira, espainiar estatuko kilometro ratioa bikoiztuko lukete Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak.

Une honetan, ia 5.000 milioi euro gastatu dira Euskal Y-an eta Iruñea eta Castejon arteko lanetan. Gainera, beste proiektu batzuk ere mahai gainean daude: besteak beste, Miranda eta Gasteiz lotzeko lanak, Arabako Haranak zeharkatzen dituena; Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko proiektua, Sakana eta Lautada zeharkatuko dituena; eta hiriburuetako AHTko sarrera guztiak.

Orain Ardura ekimenaren sustatzaileen arabera, 15.000 milioi euro inguruko kostua izango luke Hego Euskal Herriarekin lotura duten eta aurreikusita dauden AHTaren proiektu guztiak eraikitzeak. Etorkizun "zalantzagarriaren" aurrean, "iraganeko akatsak" ez errepikatzeko eskatu diete erakundeei.

Jendartearen erantzukizuna

2008an eztanda egin zuen krisi ekonomikotik hamabi urte geroago iritsi da Covid-19aren pandemia, eta Orain Ardura ekimeneko kideek lotura seinalatu dute: "Osasun eta zerbitzu sozial guztiak murriztuta, azken urteetako osasun-krisi handienetako batek munduko lehen postuetan jarri gaitu heriotza-tasan".

Osasun langileek zein egoitzetako langileek sufritutako lan baldintza "kaskarrak" eta jendartearen "portaera eredugarria" azpimarratu dituzte manifestuan, eta osasun krisiaren testuinguruan "elkartasun eta elkar babeserako" sortu diren hamaika ekimenak gogoan izan dituzte.

"Jendartea erantzunkizun handiarekin jokatzen ari da krisi larri honetan eta berak markatzen digu jarraitu beharreko bidea", adierazi dute.

Tren soziala

AHTaren lanak gelditzeaz gain, gaur egungo trenbideak hobetzea eta mantentzea, eta herri, hiri eta industrialdeak "hobeto komunikatzeko" tren soziala proposatu dute.

"Pertsonak zein merkantziak garraiatuko dituen tren bat nahi dugu, lurraldean gune isolaturik utziko ez duena eta edonorentzat ekonomikoki eskuragarria dena", laburbildu dute.

Atxikimenduen zerrenda zabala

Tokiko zein Euskal Herri mailako eragileen zerrenda luzearekin batera, gehiengo sindikalaren atxikimendua azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, ELA, LAB, ESK, EHNE, STEILAS, Etxalde eta CGT sindikatuek ekimenari babesa eman diote, eta baita pentsiodunen mugimenduak eta mugimendu feministak ere.

Horrekin batera, kolektibo zein norbanakoak gonbidatu dituzte atxikimendua ematera Orain Ardura ekimenaren webgunearen bidez.

'Orain Ardura' manifestua

Une honetan, hauek dira Arabako eragile sinatzaileak: AHTrik EZ Gasteiz, AHTrik EZ Lautada, AHTrik EZ Arabako Haranak, Arabako basozain profesionalen elkartea, Arabako Errioxako Asanblada Feminista, Opakuako 'Los Pecus' Auzo Elkartea, Asparrenakoak Kultur Elkartea, Arabako Pentsionistak Lanean, Berriztu, Candido Besa Upategia, Sidalava - Arabako HIESAren kontrako Batzordea, Errekaleor Bizirik, Gasteiz Batu, Gasteizko Mugimendu Feminista, Herri Txikiak Bat, Lamingorriak, Luma Gorri, Olbea, Orbeko Etxea, Orixol Mendi Elkartea, Ribabellosako Jai Batzordea, Ribera Baja Bizirik, UAGA.

Gaurko egunean, sufrimenduz beteriko aste gogorren ondoren, non milaka senide hil diren erabateko bakardadean, non gure osasun-langileek dena eman duten lan baldintza kaskarretan, non adinekoen egoitzetako langileek ahal izan duten guztia egin duten haiek zaintzeko, non ez den arnasgailurik egon behar izan duten gaixo guztientzat, non milioika test eta babes-ekipo falta izan diren...; hain egoera zailen aurrean, jendartearen portaera eredugarria azpimarratu nahi dugu, elkartasun eta elkar babeserako hamaika ekimen aurrera eraman direlarik.

"Osasun eta zerbitzu sozial guztiak murriztuta, osasun-krisiak heriotza-tasan munduko lehen postuetan jarri gaitu"

2008an, munduko krisi ekonomikoak espainiar estatuan nagusi zen adreiluan oinarritutako ekonomia espekulatiboa zapuztu zuen. Hamabi urte geroago, osasun eta zerbitzu sozial guztiak murriztuta, azken urteetako osasun-krisi handienetako batek Covid-19aren heriotza-tasan munduko lehen postuetan jarri gaitu. Horretaz gain, langabezi-tasa etengabe hazten ari da. Erakundeek erreferente bezala duten Europa iparraldeko herrialdeek milaka bizitza eta milioika enplegu eta enpresa txiki salbatzea lortu dute, eta hori ez da kasualitatea. Ezinbestekoa da adreiluan eta hormigoian oinarritutako iraganeko politika ekonomikoak aldatzea eta atzean uztea.

"Erakundeei iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta ardurarekin jokatzeko eskatzen diegu"

Jendartea erantzunkizun handiarekin jokatzen ari da krisi larri honetan eta berak markatzen digu jarraitu beharreko bidea. Horregatik, etorkizun zalantzagarriaren aurrean, erakundeei iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta ardurarekin jokatzeko eskatzen diegu. Herrialde "aurreratu" gehienetan, diru publikoaren kudeaketak nolabaiteko logika soziala izan duen bitartean, espainiar estatua aireportuak, autobiak eta, nola ez, milaka milioi balio duten abiadura handiko trenak izateaz harro agertu da.

Manifestua

Horregatik guztiagatik, manifestu hau sinatzen dugun pertsona, elkarte, sindikatu eta gainerako erakundeok ORAIN ARDURA ekimenaren berri eman nahi dugu. Ekimen honek AHTren proiektuak gelditzeko eskatzen die erakunde eta administrazio publikoei, honako argudio hauetan oinarrituta: Espainiar estatua milioi biztanleko abiadura handiko tren kilometro gehien duen estatua da, Japonia, Alemania, Frantzia, AEB eta beste hainbat herrialde garatu eta ekonomikoki boteretsuen aurretik. Hala eta guztiz ere, azken lekuan dago erabilerari dagokionez eta bidaiari ratio txikiena du kilometro bakoitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Erkidegoari dagokienez, iragarritako AHTko atal guztiak eraikiko balituzte, milioi biztanleko, espainiar estatuko kilometro ratioa bikoiztuko genuke. Euskal Y-an eta Iruñea eta Castejon arteko lanetan ia 5.000 milioi euro gastatu dituzte dagoeneko. Gainera, beste proiektu hauek mahai gainean daude: Miranda eta Gasteiz lotu nahi dute, Arabako Haranak zeharkatuz; Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko proiektua, Sakana eta Lautada zeharkatuz edo Aralar zulatuz; Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea Bizkaian; eta hiriburuetako AHTko sarrera guztiak. Guztira, 15.000 milioi euro inguruko kostua izango luke aurrekontuan jasotako guztia eraikitzeak.

"15.000 milioi euro inguruko kostua izango luke aurrekontuan jasotako guztia eraikitzeak"

Gogoratu behar da, koronabirusaren krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzak hasieran autonomoentzat jarritako 3 milioi euroak edo kulturako profesionalentzat jarritako 2,5 milioi euroak, 100 eta 83 metro AHTren baliokide direla, hurrenez hurren. Nafarroako Ospitale Konplexuko Laborategi Bateraturako eraikina AHTren 656 metroko kostuaren baliokidea da eta Gasteiz eta Iruñea arteko AHTren lineak duen kostuarekin, duela urte eta erdi Eibarren inauguratu zuten ospitalaren moduko beste 32 eraiki litezke. Gobernuek AHTa bezalako azpiegitura handietan inbertsio ikaragarriak egiten dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira hainbat oinarrizko gaietan, hala nola, osasunean eta zerbitzu sozialetan. Hori dela eta, hainbat asteetan zehar, ospitaleak gainezka ikusi ditugu, txandak bikoizten dituzten osasun-langileak, hiltegi bihurtutako eta abandonatutako adinekoen egoitzak, jendea bakarrik hiltzen, hotelak bat-bateko ospitale bihurtuta edo pertsonak beraien etxeetan maskarak egiten...

Orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da pertsonen bizitzari eta elkarren zaintzari eusteko beharrezkoak diren lanpostuen garrantzia azpimarratzea. Lanpostu horiek, nagusiki, emakumeek betetzen dituzte. Gure kasuan, osasunean edo zerbitzu sozialetan lan egiten duten pertsonen %75 emakumeak dira. Ez dugu modurik bizitza kolektiboari denen artean eusteko, baliabide komunak kapitalaren metaketaren zerbitzura baitaude nagusiki. Gaur egungo egoeran, aurrekaririk gabeko krisian eta konfinamendu egoeran, AHTren obrek aurrera jarraitzen dute, pertsona guztientzako bizimodu duina izateko zerbitzu publikoak bermatu beharrean.

"AHTren obrek aurrera jarraitzen dute, zerbitzu publikoak bermatu beharrean"

Espainiar gobernuari eta Nafarroan gobernatzen ari diren alderdikideei eskatzen diegu, Abalos ministroak, kargua hartu zuenean, esandako hitz zuhurrak betetzeko. Orduan, espainiar gobernuaren apustu berria iragarri zuen: "Trenbideko inbertsioak erabat berbideratzea, urte askotan abiadura handian zentratuta egon direlako". Ildo beretik, estatu osora hedatu behar dira Isabel Pardo de Verak, Adifeko zuzendariak, Oviedo, Aviles eta Gijonen abiadura handiko konexioa baztertzean esandako hitzak: "Konexio horiek 10 minutu inguru baino ez lukete aurreztuko eta milioi askoko inbertsioa izango litzateke".

Eusko Jaurlaritzari Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzei kasu egiteko eskatzen diogu "gastu publikoa murriztu eta obra handiak atzeratu" beharko litzatekeela, esan bait zuen.

Mundu guztiak datorren krisi beldurgarriaz hitz egiten duen une honetan, zerga-bilketa %20 jaitsiko dela esaten ari zaigunean, ekoizpena birkokatzeko eta mugikortasuna murrizteko apustua egiten ari garenean, ezin dugu ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu.

"AHTrako inbertsio ekonomiko guztia oinarrizko eta lehentasunezko beharretarako erabiltzea eskatzen dugu"

Beraz, AHTren obrak berehala gelditzeko eta proiektu berriak atzera botatzeko eskatzen dugu. Herri, hiri eta industrialdeak ongi komunikatzen duen tren soziala izateko, gaur egungo trenbideak hobetzea eta mantentzea proposatzen dugu. Pertsonak zein merkantziak garraiatuko duen tren bat nahi dugu, lurraldean gune isolaturik utziko ez duena eta edonorentzat ekonomikoki eskuragarria dena.

Honengatik guztiagatik, AHTko inbertsio ekonomiko osoa premiazkoak diren alorretara bideratzea eskatzen dugu: nahikoa langile eta baliabide dituen osasun sistema publikoa; adinekoen, mendekoen eta hauek zaintzen dituzten pertsonen zaintza; pentsio duinak; oinarrizko diru sarrerak guztiontzako; kalitatezko hezkuntza publikoa; euskararen sustapena; elikadura burujabetzaranzko hautua; kalitatezko zerbitzu sozialak; zainketen balioztatzea; Covid-19aren krisiak gogor kolpatu dituen sektoreetaz bizi diren pertsonen babesa (komertzio txikiak, kulturgileak...). Azken finean, aurrez aurre dugun krisi ekologiko eta soziala kontuan izango dituen eredu ekonomiko berrien beharra dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago