Koronabirusa

Ikasturte hasiera eragileekin adostea eskatu diote sindikatuek Hezkuntza Sailari

Erredakzioa 2020ko mai. 25a, 13:40

Elkarretaratzea egin dute sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren aurrean. / STEILAS

Arabako ikastetxe batzuek Batxilergoko edo LHko irakaskuntza presentziala berreskuratu dute gaur. Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren "arduragabekeria eta irizpide aldakorrak" salatzeko.

Astelehenetik aurrera, ikastetxeek aurrez aurreko irakaskuntzari ekin ahal diote, baina oraindik ez da itzulera orokorra izango, eta osasun krisiaren aurreko eskolen oso bestelako formatuarekin egingo da.

Berriro irekitzen duten ikastetxeek protokolo eta segurtasun-neurri zorrotzen artean egin dute, baina ikastetxe publiko gehienek eskola telematikoekin jarraituko dute. Bestalde, Kristau Eskolak bere jarduerara "pixkanaka" bueltatzea proposatu du momentuz.

Martxoaren 9an, Gasteizko Odon de Apraiz eta Bastidako bi ikastetxeak itxi zituzten. Erabakia hartu behar izan zuten lehenengoak izan ziren, eta hamaika aste igaro dira ordutik; hau da, Arabako ikastetxeek 70 egun baino gehiago daramatzate itxita. Itzultzeko hasieran ezarritako 15 eguneko epea atzeratuz joan zen, alarma egoerak eragindako murrizketak zirela eta.

Gaurtik aurrera, ordea, modu mailakatuan normaltasunera itzultzen joango dira ikastetxeak, nahiz eta gutxienez irailera arte egoera ezohikoa izaten jarraituko duen.

Batez ere errefortzua eskatzen duten ikasleak edota Batxilergoko 2. mailako ikasleak itzuli dira klasera, unibertsitatera sartzeko azterketaren prestaketari begira. 

"Arduragabekeria eta irizpide aldakorrak"

ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek Hezkuntza Sailaren "arduragabekeria eta irizpide aldakorrak" salatu dituzte gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza aurrean egindako elkarretaratzean.

Sindikatuen arabera, "oso ikastetxe gutxi" izan dira aurrez aurreko ikasketak abian jarri dituztenak, eta abian jarri dituztenek "ikastalde oso mugatuentzat" egin dute: "Ia ikastetxe denek sindikatuok ikasturte amaierarako egindako proposamenaren aldeko hautua egin dute", adierazi dute sindikatuek, ohar bateratu batean.

Datozen egunetan, aurrez aurreko ikasketak abian jarriko dituzte ikastetxe gehiagotan, baina sindikatuek duten informazioaren arabera, horiek ere "ildo beretik" jarraitzeko asmoa dute.

Hala ere, ezohiko ikasturte amaiera honetan Hezkuntza Sailaren kudeaketa "oso larria eta arduragabea" izaten ari dela kritikatu dute sindikatu guztiek; hezkuntza eragileekin "adostu gabeko aldebakarreko erabakiak" hartzen ari dela diote.

Datozen egunetan, adi

Azaldu dutenez, gaur egin duten bezala, "datozen egunetan ere adi" egongo dira sindikatuak, ikastetxe bakoitzean aurrez aurreko itzulera "osasun bermeekin" gauzatzen dela ziurtatzeko. Osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan "beharrezko mobilizazioak, ekimenak eta tresnak" abiatuko dituztela aurreratu dute sindikatuek, "osasuna bermatu arte".

Bestalde, itzuleraren nondik norakoa erabakitzeko ardura "ikastetxe bakoitzaren esku" utzi izana leporatu diote Hezkuntza Sailari, eta oraindik ere itzulera planaren aurrean hezkuntza ikuskaritzaren erantzunik gabe dauden ikastetxeen egoera salatu dute: "Beraien itzulera planak Sailaren oniritzia duenik ere ez dakite".

Ikasturte honen amaieraz gain, hurrengoaren hasierako plangintza, neurriak eta protokoloak hezkuntzako eragileekin eta langileen ordezkariekin adosteko galdegin diote Hezkuntza Sailari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago