Zoom, Jitsi, Hangouts, Skype… Gutxiengo baten eguneroko bizitzan zeuden programa eta aplikazioak bete-betean sartu dira etxe askoan. Egun batetik bestera. Alarma egoeraren eskutik heldutako itxialdiak ekarri du hori. Martxoaren 14tik aurrera, Interneten oinarritzen den mundu hori orokortu da, aurretik presentzia urria zuen hamaika eremutan. Sektore horietako hainbat kidek mundu horri buruz hausnartu dute: epe laburrean ikasitakoak, aurkitutako alde onak, hutsuneak, etorkizunerako aukerak…
Ikastetxeak izan ziren lehenak mundu horretan sartzen. Bultzatuta sartu ziren, ia. Izan ere, azpiegitura horiek izan ziren lehenak ixten Araban. Maider Osinagak, Salburua Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeko zuzendariak, gogora ekarri du lehen bi asteak "oso zailak" izan zirela. Lantaldea testuinguru berrira egokitzeko egindako "lan eskerga" nabarmentzeaz gain, ikasleek eta haien familiek zuten egoeran jarri du arreta. Familia guztiek eskolak egindako posta elektronikoa zuten aurretik, baina kezka harago zihoan. "Familien laguntza ere behar dugu lan egiteko, eta hamaika egoera egon dira; ez bakarrik azpiegitura aldetik, baizik eta emozionalak".
Marko bateratuaren garrantzia
Xabier Lopez de Santiago Egibideko Lanbide Heziketako Zuzendariak ere nabarmendu du egin behar izan duten lan handia. DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketa eskaintzen du Egibidek, eta aurretik lagungarriak gertatu diren urratsak eginak zituzten: ikasle guztiek ikastetxeko posta elektronikoa izatea, irakasleei ordenagailu eramangarria lanabes moduan eman izana… "Edonola ere, hamarretik ehunera pasa behar izan dugu". "Jauzi" hori egiteko, bai Lopez de Santiagok bai Osinagak, funtsezkotzat jo dute "lan egiteko marko komuna" ezarri izana. Bi ikastetxeetan tresna komunak zehaztu ziren, horiek erabiltzeko tutorialak partekatu…
"Aste batean sortu ditugu pentsaezinak ziren gauza batzuk", nabarmendu du Lopez de Santiagok. "Beste aukerarik ez dagoenean, egiteko gai gara", ondorioztatu du. Hezkuntza materialak egokitzeko egiten ari diren lan hori guztia etorkizunera begira ere baliagarria izango dela iragarri du. Izan ere, datorren ikasturtea nola kudeatuko den zalantzan dago, eta aurreratutako bideak lagun dezake. Osinagak ere alde positiboak ikusi dizkio egoerari: batetik, lantaldeak ikasi duen guztia, eta ikasteko gaitasuna; bestetik, etorkizuneko balizko egoeretara egokitzeko bideak urratu izana.
Ordea, Internet bidez gainditu ezin diren alde txarrak oso agerikoak dira, Osinaga eta Lopez de Santiagorentzat. Salburua ikastetxeko zuzendariak ikasleekin harreman gertua eta alde emozionala nabarmendu du. "Familiak ere konturatu dira horrek duen balioaz: oso garrantzitsua dela irakaslea bertan egotea, azalpenak eman eta ikasleen ideiak entzuteko".
Egibideko Lanbide Heziketako zuzendariak aurrez aurreko harremanaren garrantzia berretsi du, baita beste alor bat gaineratu ere: guztiz praktikoak diren edukiak jorratzeko zailtasunak. Arlo industrialeko ikasketetan simulagailuak daude, baina beste arlo batzuetan zaila da: mekanizazioa, ostalaritza… "Egon dira proposamen oso bereziak: Ile-apaindegiko Zikloko irakasle batek ikasleei eskatu zien etxekoekin praktikak egiteko: ile moztu, tindatu…".
Udal txikietan, zaila
Aurrez aurreko harremanaren beharra nabarmendu dute ere Ernesto Sainz Aguraingo alkateak eta Jose Eduardo Terroba Oiongoak. Sainzek hausnartu du administrazioak "bi hanka" dituela: alde teknikoa eta herritarrekin gertuko harremana. Bada, nabarmendu du bigarren eremu hori ezin dela luzaroan itxita egon: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, Udal Musika Eskolan… "Arrakala digital bat ere egon badago, eta udala gehien erabiltzen duten herritar askori eragiten die". Iritzi berdina du Terrobak. "Oso herritar gutxik dute harremana gurekin administrazio elektronikoaren bitartez".
Lan teknikoari dagokionez, udal barruan, telelana egiteko zailtasun nagusi bat aipatu du Terrobak: ordenagailu eta konexio egoki falta. "Oionen zuntz optikoa dago, baina ez genuen lortu bozeramaileen bideo bilera bat egitea". Ernesto Sainzek ere azpiegituran jarri du arreta, batez ere administrazio barruko digitalizazioan. Zehaztu du, oro har, ez dela "telelana" egin: etxetik egin da lan. Sainzek azaldu du telelanarekin etxetik egin daitekeela lantokian egingo zen lan berdina, baita gaineratu ere administrazio txikietan zaila dela hori; txosten guztiak digitalizatuta egon behar dira, besteak beste. "Etxetik nolabaiteko aktibitatea mantendu dugu, baina ez ehuneko ehuna, langileak horretan saiatu badira ere".
Landa eremuko udalerri batzuetako konexio eskasak aipatu dituzte bi alkateek. Duela aste gutxi Arabako 54 alkatek bideo bilera izan zuten Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin. "Programa horretan parte-hartzaileen konexioaren egoera ikus zitekeen, eta batzuk gorri zeuden etengabe", gogorarazi du Terrobak.
Enpresetan, salbuespenetik ohikora
RPK Taldeak enpresaren muina Gasteizen du, baina lantegi eta bulegoak ere baditu Europan, Amerikan eta Asian. Enpresako presidenteak, Josu Etxebarriak, azaldu du bideo bilerak baliatzen zituztela leku horien arteko harremanetarako, "baina beti buruz buruko bileretan". Egoerak, ordea, behartu ditu gutxitan baliatzen zen lanabes hori zabaltzera. "Kooperatiba bat gara, interes gune asko ditugu, eta, ondorioz, ekoizpena geldi egon denean ere, bertako langile batzuk konektatu dira bideo bilera bidez: Berdintasun Taldearekin biltzeko, Giza Eraldaketako Taldearekin…".
JEZ Sistemas Ferroviarios enpresan ere, Laudion, telelana orokortu dute, oso epe laburrean. "Ia langile guztiek lantokian egiten zuten lan, eta arazo nagusia izan zen langileei baliabide egokiak ematea; ahalegin handia egin behar izan dugu", azaldu dute enpresako iturriek. Telelanaren hazkunde handiak zailtasun gehigarri bat eragin du: Interneteko konexioak mantsotu dira. Horren ondorioz, "arazo teknikoak" gainditu arren, denbora gehiago behar izan dute lan berdina egiteko.
Josu Etxebarriak nabarmendu du zailtasun horiek guztiek "ikasteko gaitasuna" utzi duela agerian. "Beldurra ematen zigun zerbait erabiltzea lortu dugu, beharrak eraginda; modu ezberdinean lan egin dezakegula ikusi dugu". Edonola ere, harremanetan "hutsune argia" dagoela berretsi du. "Giza harremana oso hotza da pantaila baten bitartez; beste pertsona ulertzea, haren lekuan jartzea, zailagoa da; zerbait negoziatzean begirada batek eman diezazuke gakoa, batzuetan".
Hausnarketa horien ostean, eragile guztiak bat datoz: etorkizuneko lan egiteko modua aldatuko da. Bat-batean zabaldu zen lan egiteko eta funtzionatzeko modua ez da desagertuko. Giza harremanak ordezkatu ezin dituen arren, gehienek adibide bera baliatu dute: agian bilera guztiek ez dute aurrez aurrekoak izan beharko. Horrez gain, informazioaren eta komunikazioaren teknologia horren aldeko apustua indartzeaz mintzatu dira: baliabideak, ezagutzak…
Hori guztia, ordea, egungo "ataka" gainditzean helduko da. Hori noiz izango den, eta utziko duen egoera ikusteke dagoela nabarmendu dute askok: hurrengo ikasturterako antolaketa eskoletan, administrazioetako aurrekontuak, enpresen egoera ekonomiko zaila… Horren aurrean RPK Taldeko presidenteak azken hausnarketa bat egin du. "Kooperatiben ikuspuntutik ikusten dugu taldean pentsatu behar dugula, eta ez gizabanakoan".