Koronabirusa

Nahasmena Agurainen: ordu-tarteekin jarraituko dute, oraingoz

Erredakzioa 2020ko mai. 22a, 11:03

Gaurtik aurrera, ordu-tarterik gabe mugitu ahal izango dira Agurainen. / ALEA

Gaurtik aurrera, ordu-tarteak desagertuko dira 10.000 biztanletik beherako udalerrietan. Baina, oraingoz, ordu-tarteekin jarraituko dute Agurainen, neurri berriak ezartzen duen gehienezko biztanleria-dentsitatea gainditzen duelako.

Igandean iragarri arren, 10.000 biztanletik beherako herrien deskonfinamendu-neurri bereziak ez dira ostiral honetara arte arautu. Gaurtik aurrera, Gasteiz, Amurrio eta Laudio lirateke ordu-tarteak mantentzen dituzten Arabako udalerri bakarrak, Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) neurri berriak zehazteko agindua argitaratu baitu.

Modu honetan, Agurainek, 5.062 biztanlerekin, gaurtik aurrera bat egin beharko luke Arabako gainontzeko udalerriei eragiten dien araudiarekin.

Agindu berriak hainbat irizpide ezarri ditu 10.001 biztanletik beherako herrietan, edozein fasetan daudela ere:

  • Paseatzeko eta kirola egiteko ordu-tarteak desagertzen dira.
  • Heldu bat baino gehiago haurrekin paseatzeko aukera dago.
  • Tabernak eta jatetxeak ireki ditzakete, baita barruan jateko ere; betiere, edukiera mugatuta: terrazan %50era eta lokala %40era.
  • Azoka txikiak normaltasunez irekitzea.

Soilik bertan erroldatuta dauden eta azken 14 egunak bertan eman dituzten biztanleei eragiten die neurriak.

Nahasmena Agurainen

Baina gaur argitaratutako neurria soilik kilometro koadroko 100 biztanle baino gutxiagoko biztanleria-dentsitatea duten herrietan ezarriko dela azaltzen du aginduak; hortaz, baliteke Agurainen ez aplikatzea, 133,04 biztanle/km²-ko dentsitatea duelako.

Deseskalatze-prozesuaren lehenengo fasean nahasmena nagusi izaten ari da Agurainen; bizilagun askok uste zuten astelehenetik ordu-tarterik gabe mugitu ahal zirela, baina Ertzaintza ibili da herritarrei gogorarazten.

Udalak agiri bat plazaratu behar izan du egunotan, neurria oraindik indarrean ez zegoela ohartarazteko. Gaurko araudi berriarekin, gainera, aguraindarrek astelehenera arte itxaron beharko dute ordu-tarterik gabe mugitu ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago