Atzerapenez hasiko dira Garoña eraisten

Erredakzioa 2020ko mai. 22a, 10:05
Garoñaren kontrako elkarretaratzea Gaubeako udaletxearen aurrean. PHOT.OK

Lehen fasea hiru urtekoa izango da, zentraleko erregai nuklearra husteko. Ondoren, zazpi urte beharko dituzte erreaktorea desmuntatzeko.

Enresak Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra eraisteko lehen faserako eta titulartasunaren transferentziarako baimena eskatzeko dokumentazioa aurkeztu dio Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari (Miteco). Ministerioak Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren nahitaezko txostena eta dagozkion irizpen eta txostenak ebaluatu beharko ditu, Ingurumen Eraginaren Adierazpena barne, erabakia hartu aurretik.

Hala ere, Enresak urtebete atzeratu du deseraikitzearekin hasteko aurreikusitako epea, eta 2021ean hasi beharrean, 2022ra aldatu du.

Langileen bila

Eraispena egiteko, hilabete honetan bertan, zentralaren inguruko udalerrietan langileen bila hasi da Garoñako Ingurua Dinamizatzeko Estrategiaren Bulego Teknikoa. Hala, Añanako Garapen Agentziak maiatzaren hasieran kaleratu zuen ohar batean jaso zuen zenbait profesional behar dituztela Garoñako isolamendu termikoa –amiantoa duena eta ez duena–kentzeko. Besteak beste, obra-burua, taldeko arduraduna, lan arriskuen prebentzioko teknikaria, amiantoa kentzeko ofiziala eta babes erradiologikoaren teknikaria eskatzen dituzte.

Erregai nuklearra hustu

Lehen fasea hiru urtekoa izango da, eta zentraleko erregai nuklearra hustuko dute. Lehenik eta behin, gastatutako erregaia edukiontzietan kargatuko da eta igerilekutik zentralean bertan eraikiko den aldi baterako biltegi indibidualizatura (ATI) eramango da.

Ondoren, turbinaren eraikina desmuntatuko du Enresak, bigarren fasea egiteko beharrezkoa baita eraikin hori osagarri gisa egokitzea. 

Erreaktorea desmuntatzeko, zazpi urte

2025ean hasiko litzateke, hondakinen enpresaren planen arabera, eraisteko bigarren fasea. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren baliozkotzea eta Ministerioaren baimena ere beharko dira, eta zazpi urte iraungo du. Beraz, eraisteko lan nagusiak ez dira amaituta egongo 2032 arte, gutxienez.

Fase honetan eraitsiko dituzte erreaktore nuklearra eta kutsadura erradiologikoak dituzten gainerako eraikinak. Ondoren, Santa Maria de Garoñako eraikinak deskontaminatu, desklasifikatu eta eraisteko jarduerekin jarraituko dute, eta, amaitzeko, Euskal Herriko mugan dagoen zentralak hainbat hamarkadatan okupatu duen lursailaren ingurumena berreskuratuko dute.

468 milioi euro

Baimena jaso arte, Enresak aurrera jarraituko du prestakuntza jarduerekin, trantsizio-fasearekin alegia. Izan ere, Enresak eta zentralaren enpresa jabeak, Nuclenorrek, berriki amaitu dute turbinako eraikinaren karakterizazio erradiologikoa, eta zentrala eraisteko beharrezkoak ez diren sistemak zerbitzutik kanpo uztear daude. Enresak azaldu duenez, laster hasiko dira arrisku konbentzionalak ezabatzen, sistemak deskontaminatzen; eta instalazio osagarriak eraisteko beharretara egokitzearekin lotutako jarduerak, baita gastatutako erregaiaren lehen bost edukiontziak kargatzearekin eta ATIra eramatearekin lotutakoak ere.

Guztira, 468 milioi euro inguru inbertitzea aurreikusi du Enresak, eta Hondakin Erradioaktiboen Plan Orokorreko Jarduerak Finantzatzeko Funtsetik etorriko da. Ustiatzen ari diren zentral nuklearren jabeek ordaintzen duten dirutik elikatzen da funts hori. Kopuru horretan ez da sartzen ATIren eraikuntza-kostua, ezta gastatutako erregaiaren edukiontziak ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide