Koronabirusa

"Prezio politiko bat jarri diogu maskara eta eskularruen ontziari"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko mai. 23a, 08:00

Angel Amilleta Joma enpresako zuzendari komertziala. A.A.

Covid-19ak ekonomian eta produkzioan eragin duen geldialdiari aurre egiteko ideiak garatzen ari dira lurraldeko hainbat enpresa; Legutioko Joma buzoien enpresan produktu berria ekoizten hasi dira, pandemiaren ondorioz sortu diren behar berriei erantzuteko.

Legutioko Goiain industrialdean kokatuta dagoen Joma enpresa buzoiak eta hiri-altzariak egiteagatik ezaguna da Europan. Azken asteetan produkzioa egokitu behar izan du pandemiak sortutako behar berrietara, eta maskarak zein eskularruak jasotzeko edukiontziak kaleratu ditu. Produktua neurrira egiten dute eta jasangarria izatea bilatu dute, Angel Amilleta zuzendari komertzialak azaldu duenez.  

Covid-19aren aurrean enpresaren produkzioa egokitu eta produktu berri bat kaleratu duzue. Zer egin duzue zehazki?

Hori da. Gure enpresan, tradizioz buzoiak, xaflazko era guztietako kutxak eta hiri-altzariak fabrikatzen ditugu, inguruko udalentzat batik bat, eta baita Espainiako eta Europako merkatuetarako ere. Dena den, Euskadi da gure merkaturik indartsuena. Covid-19aren arazoaren aurrean zerbait egitea bururatu zitzaigunean, argi genuen ez genuela egin nahi erabili eta botatzeko zerbait; zerbait jasangarria nahi genuen, etorkizunean ere erabil daitekeena. Helburu horrekin diseinatu dugu edukiontzi bat, paperontzi bat bezalakoa, botatzen diren maskarak eta eskularruak jasotzeko. Galvanizatua dago edukiontzia, kanpoaldean erabili ahal izateko, eta bezeroaren neurrira diseinatu daiteke, diseinu eta kolore politarekin…, bezeroaren eskaeraren arabera. 

"Eslaerak sortu ahala egingo ditugu edukiontziak, malguak eta azkarrak gara"

Zein izan liteke edukiontziaren merkatua?

Hiri-altzariaren esparruan ideia berri bat bezala zabaltzen ari gara. Finean, ontzi bat da, zutabe bat bezalakoa, eta goialdean zirrikitu bat du jendeak eskularruak eta maskarak botatzeko, ikutu gabe; garbitzailea babesteko ere badu mekanismo higieniko bat. Berez altzari berri bat da, lagungarria izan daitekeen elementu bat. Ez da ehuneko ehunean anti-bakterianoa, ez du birusa hiltzen, baina hondakin horiek jasotzeko balio du, eta modu estetiko batean aurkezten da.

Zergatik da jasangarria edukiontzia?

Covid-19aren arazoa amaitzen denean berrerabili daiteke edukiontzia, eta beste erabilera batzuk eman: giltzak jasotzeko balio dezake, edo herri-galdeketetan erabiltzeko, pilak jasotzeko… Epe luzera begirako edukiontzi bat da, urteak eta urteak irauteko.

Nola sortu zen produktuaren ideia?

Udalekin asko lan egiten dugu, eta gure produktuen garapenean beti kontuan izaten dugu hiri-altzarigintzaren sektorean diseinu erakargarriak sortzea. Bilboko eta Donostiako Udalekin, adibidez, lan asko egin dugu eta gure politika da diseinu aldetik gauza politak egitea, erakargarriak, desberdinak eta aldi berean betiko balio izatea. Inbertsio ekonomikoak egin behar baldin badira, epe luzera izatea, gauzak ondo egitea. Une honetan, gure asmoa filosofia hori ere Covid-aren arazoari erantzuna emateko ezartzea izan da, baina kasu honetan ezin genuen oso gauza garestia egin. Beraz, prezio politiko bat jarri diogu edukiontziari, guk hemendik ez dugulako dirua irabaziko; eta udaletxeentzat eta osasun zentroentzat 119,90 euroko prezioa jarri diogu edukiontzi bakoitzari, eta salmenta zuzena egiten dugu. 

Lehenengo eskaerak jaso dituzue dagoeneko. Zenbat? 

Lehenengo bezeroa Getxoko Udala izan da. 53 edukiontzi saldu dizkiogu eraikin publiko guztietan jartzeko. Gaur bertan komentatu digute jendea oso pozik dagoela. Gainera, kontsulta asko izan ditugu elementu honen inguruan, eta Granadatik eta Kataluniatik ere jaso ditugu zenbait udalen eskaerak.

Zenbat edukiontzi egiteko prest dago enpresa?

Ekoizleak garenez, eskaerak sortu ahala egingo ditugu, eta gainera, ERTE txiki bat egin behar izan dugu eta lanpostu gutxiago ditugu. Dena den, malguak eta azkarrak garenez, ez dugu stock handirik izan behar, eta aste bat edo biko epean fabrikatzen dugu. Ez dugu stocka egiten udaletxe bakoitzak gero bere kolorea eta logoa nahi izango duelako txertatu eta hobe da horrela. Xaflak eta moztuta ditugu. Hori da gure ideia eta mesede bat egitea irudia eta diseinua ere zainduz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago