Babestutako edukia

Lakuabizkarran, haurrak garapen prozesuaren protagonista

Lakuabizkarra Haurreskola 2020ko mai. 21a, 16:56
Hezitzaileak haurren bidelagunak dira Lakuabizkarra haur eskolan. / Lakubizkarra

Familiek malgutasuna izango dute haurreskolaren ordutegietan

Datorren ikasturterako matrikulazioen atarian, Lakuabizkarra haurreskolak ateak modu birtual batean ireki ditu 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako eskaintza zabala erakutsi eta 2010az geroztik jasotako esperientziaren berri emateko. Covid-19ak eragindako egoera dela eta, ezingo da aurten "ate irekiak" jardunaldia egin, baina hezitzaile taldeak instalazioak eta materialak ezagutarazteko bideo bat prestatu du, hezitzaileek eskolan haurrekin eta familiekin duten elkarbizitza transmititzeko asmoz.

 

 

Lakuabizkarra auzoko haurreskolako – Baiona kaleko 14.enean– hezitzaileen lanaren ardatza errespetua dela nabarmendu dute, aniztasunean eta berdintasunean heztea helburu duen egitasmoan. 0 eta 2 urte bitarteko etapan haurrek gorputz mugimenduaren eta zentzumenen bidez ikasten dute. "Haurrek beraien gaitasun guztiak gara ditzaten, hezitzaileek gune eta material egokiak prestatzen ditugu beraien esku, libreki erabil ditzaten", azaldu dute.

Hezitzaileak haurren bidelagun dira, beraien erritmo, izaera, nahiak...errespetatuz. Horrela, zaintza momentu (elikadura, atsedena, higienea) eta jolas momentu oro, ikaskuntza prozesuaren parte izateaz gain, atxikimendu eta bizipen positibo giza bizitzea dute helburu. Haurrak beraien garapen prozesuaren protagonistak dira. "Beraiek eraikitzen dute beraien bidea, eta hezitzailearen papera bide hori egiten ahalbidetuko dieten material zein espazioak antolatzeaz gain, haurrentzat eskuragarri egotea izaten da". Zaintza uneek, gainera, haur eta hezitzaileen arteko kalitatezko loturak sortzen laguntzen dute. 

 

Jolas libre espontaneorako baliabideak eskaintzen ditu Lakuabizkarrak. 

 

Espazioei dagokienez, eskolaz kanpoko zein barruko espazioak ditu Lakuabizkarra haurreskolak. Hauen artean, gelak edota aretoak (manipulatzeko material desberdinekin), area duen lorategia, zuhaitzak eta jolas librerako esparruak, mugimendurako egurrezko egiturak dituen areto handi bat, esperimentaziorako espazioa, psikomotrizitate gela, familiak biltzeko espazioa, geletako jantokia, higiene guneak, atsedenerako guneak eta haurren aulkiak uzteko gela ere baditu.

Eta materialei dagokienean, haur bakoitzaren garapen momentu eta interesak kontuan hartuko dituen material anitza eskaintzea da helburua. "Honekin, ikaskuntza prozesurako aukerak eta baita jolas libre espontaneorako baliabideak eskaintzen zaizkie", nabarmendu dute hezitzaileek.

Esperimentatzeko eta atsedenerako guneak ditu haurreskolak.

 

Familiekin harremana eta komunikazioa funtsezkoak dira Lakuabizkarra haurreskolan, eta konfidantza oinarri duen erlazioari ematen zaio lehentasuna. Haien kontziliazioa uztartzea garrantzitsua da, eta horretarako malgutasuna eskaintzen du ordutegietan Lakuabizkarrak; 07:30etik 17:00etara bitartean, familia bakoitzak bere ordutegi tartea aukeratu ahal izango du 5 eta 8 ordu artean, irailean hasi eta uztailean bukatuko den kurtsoan.

Argibide guztiak jasotzeko lakuabizkarra.gasteiz@haurreskolak.eus  helbidera idatzi daiteke edo 945-197 929 telefono zenbakira deitu.

Gasteizen matrikulazioa maiatzaren 28tik ekainaren 8ra izango da, gizarte etxeetan edo online Gasteizko Udalak egoitza elektronikoa ezarritako lekuan.

Baiona kaleko 14.ean dago Lakuabizkarra haurreskola.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide