Jaiki Araba plana aurkeztu du EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko mai. 21a, 13:37

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko batzarkideak aurkeztu du plana. EHBILDU

Arabako Diputazioaren politikak eta inbertsioak "ahulenen beharrei begira" jartzeko hiru faseko programa bat zehaztu du koalizioak.

Politika publikoak egoera sozioekonomiko eta sanitario berrira egokitzeko larrialdi plan instituzionala aurkeztu du EH Bilduk aste honetan,  Arabako Diputazioak egin behar dituen inbertsioei begira. Laguntza sozialak, zainketen esparruak eta lurraldeko eta tokiko ekonomia-sareak izango dira lehentasunak egitasmoan.

Hiru fase aurreikusten ditu EH Bilduk plana garatzeko. Lehenengoan, 2020ko udaberri eta uda honetan zehar gauzatzeko, sektore sozial, ekonomiko eta kolektibo ahulenen beharrei aurre egitea planteatzen du. Horretarako,  Aldundiak 120 milioi euro baino gehiagoko funts bat izatea proposatu du koalizioak. Gastuen berrikustetik 27 milioi euro etorriko lirateke, soberakinetatik 45 milioi euro eta beste 50 milioi euro zorpetzearen bidez finantzatuko dira, eta, aukera bezala, FOFEL 2020ra bideratutako zenbatekoaren zati bat atxikitzea proposatzen da "betiere Arabako toki erakundeekin adostutako neurria bada". 

Udazkenean hasiko litzateke plan horren bigarren fasea. Horretan zerga eta aurrekontu erreforma sakon bat abian jartzeko proposamena egin du EH Bilduk, "diru-bilketan izandako beherakadari eta baliabide publikoen murrizketari aurre egiteko". 2021eko urtarriletik aurrera, hirugarren eta azken fasea hasiko da, eta, EH Bilduren iritziz, "gastu publiko handiena lehentasunezko eremuetara bideratzeaz gain, eskura dauden baliabideak egoera ekonomikoaren bilakaerara egokitu beharko dira, susperraldiaren bidera iritsi arte".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago