Errepideetako lanekin jarraituko du Aldundiak

Erredakzioa 2020ko mai. 19a, 08:49

N-240 errepideko lanak udazkenean amaitzea dago aurreikusita. /Alea

Hiru proiektu nagusien inbertsioa 30 milioi eurotik gorakoa da.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak jakinarazi du aurten errepideak hobetzeko abian jarritako proiektuekin jarraituko duela; N-240 errepidea, Legutio inguruan, eta A-625 errepidea, Amurrio eta Urduña artean, berritzeko aurreikusita zegoen inbertsioari eutsiko dio, bai eta Azazetako zeharbidea urbanizatzeko eta trafikoa baretzeko sistemak hornitzeko inbertsioari ere.

Hiru proiektu horien inbertsioa, guztira, 30 milioi eurotik gorakoa da, eta horietatik 12 milioi euro 2020ko ekitaldi honetan erabiliko dira, foru aurrekontuetan jasota dagoen bezala.

Javier Hurtado Bide Azpiegituren foru diputatuak azaldu du arlo honetako urteko aurrekontuak birmoldatzen ari direla oraindik, eta horretarako lau irizpide oinarri: "gizarte politikak lehenestea, pertsona zaurgarrienak artatzeko eta babesteko; segurtasuna finkatzea politika publikoen ardatz nagusi gisa, bai errepideen arloan, bai garraioaren arloan; inbertsio publikoa erabiltzea ekonomia eta enplegua mantentzeko tresna gisa; eta mugikortasun jasangarria bultzatzea".

Hala, abian diren proiektu nagusiekin jarraituko dutela esan du, zehazki N-240 errepidea egokitzeko lanekin Legutio inguruan eta A-625 errepidea hobetzeko lanekin Amurrio eta Urduña artean. "Bi kasuetan, bihurgune arriskutsuak eta sestra aldaketak kentzeko, finketarako eta industrialdetarako sarbide seguru berriak sortzeko eta, azken batean, istripu tasa handia zuten bide zatietako segurtasuna hobetzeko obrak dira". N-240 errepideko lanak 2020ko udazkenean amaitzea dago aurreikusita; A-625 errepideko lanak, berriz, 2021. urtearen amaierara arte luzatuko dira. "Azazetako zeharbidea urbanizatzen eta trafikoa baretzen jarraituko dugu: aurrekoekin alderatuta esku hartze apala da, baina herri honen aspaldiko eskaera bat asetzen du. Zeharbide berria errealitate bihurtuko da datorren ekainean", gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago