Koronabirusa

Ai Laket!!-ek pandemia garaian egindako lana saritu dute

Erredakzioa 2020ko mai. 18a, 17:25

Gasteizko Errementari kalean du egoitza Ai Laket! elkarteak. / Ai Laket

Prebentzio-baliabideei eusteko deia egin dute drogen informazioa eta analisia eskaintzen duen elkartetik.

Pandemiaren aste gogorrenetan bere zerbitzuak mantentzearen aldeko apustuagatik errekonozimendua jaso du Europan Ai Laket! elkarteak, drogen erabiltzaile edo erabiltzaile ohiekin lanean dabilen egitasmoak. Pompidou Group taldearen aitortza jaso du, "Covid-19aren garaian drogen informazio eta analisirako zerbitzua eskaintzeagatik".

Erakunde hau 1971n sortu zen Georges Pompidou Frantziako presidentearen ekimenez, eta 47 kide ditu. Pompidou Taldeak (Europako Kontseilua) Drogen Prebentzioaren Europako Saria antolatzen du 2004tik, gaur egun martxan dauden eta gazteek kudeatzen dituzten proiektuak saritzeko. 2004tik bi urtean behin antolatzen den Europako Prebentzio Sariak 24 herrialdetako 83 hautagaitza jaso zituen.

Materialak egokituta

Ai Laket! elkarteak drogen kontsumoak eta arriskuak murrizteko lanean jarraitzearen alde egin du, eta arreta berezia jarri du telefono, posta elektroniko eta sare sozialen bidez (Facebook, Twitter eta Instagram). Ohartarazi duenez, egungo larrialdi egoera dela eta, "ezin da ahaztu substantzia psikoaktiboetan iruzurrak eta adulteratzaileak ager daitezkeela".

Horregatik, elkarteak koronabirusaren kutsadura ekiditeko eta horren inguruan ohartarazteko beharrezko instalazio eta prebentzio-materialak egokitu ditu. Gasteizen dagoen ohiko zerbitzuaz gain, drogen kontsumoaren prebentzioan lan egiten duten beste erakunde batzuekin koordinatu da, eta laginak biltzeko beste hiru erakunderen lankidetza lortu da. Hala, lehenik eta behin, Gasteizko egoitzara joaterik ez duten pertsonei laguntzen zaie telefonoz, eta ondoren, laginak Bilbon edo Donostian uzteko aukera ematen zaie, analisi-zerbitzuetara sartzeko.

Elkarteak mezu bat helarazi nahi die erakunde publiko eta pribatuei, kontzientzia har dezaten eta, orain, inoiz baino gehiago, prebentzio-baliabideei eusteko: "Pandemia horretatik zerbait ikasi behar badugu, osasuna funtsezkoa dela da, eta, beraz, ezin dira alde batera utzi prebentziorako zerbitzuak, gertatzen ari den bezala".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago