Joan den asteko bilera alderdien arteko akordiorik gabe amaitu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur iragarri du hauteskunde autonomikoen data: uztailaren 12a. "Aurrekontuak eta beharrezko erreformak egin ahal izango dituen legebiltzar bat behar dugu", argudiatu du.
Osasun egoerak hobera egin duela argudiatu du ere, eta legegintzaldia urriaren 25ean amaitzen denez, hauteskundeak uztailean egiteak udazkenean egiteak baino "berme gehiago" eskaintzen dituela ziurtatu du.
Izan ere, lehendakaria ziur dago uztailean egoera "egonkorra" izango dela, eta gerora arazo gehiago egon litezkeela, epidemia berragertuko balitz. Hala ere, uztailaren 12ko deialdia bertan behera uzteko aukera onartu du, arrazoi sanitarioek "bideraezin" egiten badute.
Covid-19ak eragindako krisiaren testuinguruan eta osasun-irizpideetan oinarrituta, "erabaki arduratsuena dela" deritzo Urkulluk, oposizioko alderdiek data babesten ez duten arren: "Hauteskundeak pertsonentzako berme guztiekin egingo dira", adierazi du.
EAEn ezarritako osasun larrialdia indargabetu beharko du Eusko Jaurlaritzak hauteskundeen deialdiaren dekretua sinatu aurretik. Hori nola gauzatzen den ikusteke dago oraindik, baina ez du horren inguruko xehetasun gehiagorik eman, ezta hauteskunde kanpainaren inguruan ere.