Elhuyar | #NikEtxeanEsperimentuak

'Orekaren gakoa'

Bizilabe 2020ko mai. 18a, 10:55

Gorputz bat egonkorragoa izango da bere grabitate-zentroa baxuagoa eta bere oinarria zabalagoa diren heinean. Horrela ote da? Goazen grabitate-zentroarekin jolastera! Azalpen-bideoa ikusi eta urratsak jarraituz egia ote den berretsiko dugu.

Pentsatu duzu inoiz, zergatik ez den erortzen Pisako dorrea? Okertuta egon arren, dorrea ez da erortzen, bere grabitate-zentroaren bertikala (hau da, grabitate-zentrotik marraztutako lerro bertikala) oinarriaren barruan dagoelako. Baina, badakizu zer den gorputz baten grabitate-zentroa? Gorputz batean eragina duten grabitate-indar guztien emaitzaren aplikazio-puntua da grabitate-zentroa, eta, gorputz batek duen egonkortasuna grabitate-zentroak oinarriarekiko duen posizioaren araberakoa da. Hau da, gorputzaren grabitate-zentrotik (beheko irudian beltzez) lerro bertikala eginez (beheko irudian gorriz) lerro hori gorputzaren oinarriaren barruan gelditzen bada, gorputzak zutik iraungo du. Oinarritik kanpo gelditzen bada, berriz, gorputza erori egingo da.

Horrela, gorputz bat egonkorragoa izango da bere grabitate-zentroa baxuagoa eta bere oinarria zabalagoa diren heinean. Argi geratu zaizu grabitate-zentroaren kontzeptua? Egia ote den ikusteko, berretsi, erronka hauen bidez. Goazen grabitate-zentroarekin jolastera!

Zer behar dugu?

Fitxa honetan planteatzen zaizkizun erronkak egiteko material  hauek behar dituzu:

  • Aulki bat.
  • Arrautza bat.
  • Internetera konektatuta dagoen gailu bat: telefonoa, ordenagailua, eta abar.

Nola egin?

Aulkiaren erronka - I 

1- Aulkian eseri: eseri aulkian beheko irudian agertzen den neska bezala (hankak eta bizkarrak bertikalean egon behar dute):

2- Aulkitik altxatu: Eserita zaudela eskuak erabili gabe hankak eta bizkarra bertikalean mantenduz, aulkitik altxatzeko gai zara?

Aulkiaren erronka - II: Chair challenge

1- Chair challenge-aren erronka: Erronka  hau egiteko hurrengo pausuak jarraitu behar dituzu: 

  • Pareta baten aurrean jarri eta hiru pauso atzera urrundu (aulkia eskura izan).
  • Gorputza aurrera 90 gradu inklinatu buruarekin pareta ukitu arte.
  • Posizioa aldatu gabe aulkia bi eskuekin hartu eta bularrera gerturatu.
  • Aulkia askatu gabe altxatzen saiatu

Oso interesgarria da erronka hau etxeko guztiek egiten baduzue. Horrela, bakoitzaren gorputzaren ezaugarrien arabera erronka osatzeko gai zareten ikusteko aukera izango duzue.

2- Erronka egiteko pertsona desberdinek duten zailtasunaren arteko desberdintasunaren azalpena bilatu: Zer gertatzen da? Berdin egiten dute erronka etxeko altuenak eta baxuenak? Enborraren tamainak zerikusirik izango ote du? Eta, oinen tamainak badu zerikusirik erronka osatzeko erraztasunarekin? Pentsatu eta saiatu azalpena aurkitzen.  Grabitate-zentroarekin zerikusia izango du?

Zer gertatu da?

Orekari eusteko, pertsona baten grabitate-zentroak oinek betetzen duten eremuaren gainean geratu behar du. Bestela, erortzeko joera izango du. Buruarekin horma ukitzeko gorputza 90 gradu inklinatzen dugunean, grabitate-zentroa aurrerantz mugitzen da, eta, beraz, oinen proiekzio bertikaletik kanpo geratzen bada, zailagoa izango da erronkan arrakasta izatea.

Pertsonen grabitate-zentroa pelbisean dago, enborraren tamainaren arabera, batzuetan besteetan baino pixka bat altuago. Gainera, oinak handiagoak dituztenak, oinak txikiagoak dituztenak baino gehiago urruntzen dira hormatik erronka egiterakoan. Beraz, erronkan eskatzen den posizioan jartzean, enborra handiagoa dutenen grabitate-zentroa enborra txikiagoa dutenena baino gehiago aurreratzen da, eta aulkia hartzean grabitate-zentroa ez dago oinen gainean, erronkan porrot eginez.  Grabitate-zentroa baxuago duten pertsonen kasuan ordea, grabitate-zentroa ez da hainbeste aurreratzen, eta oinen gainean geratzen da, baita aulkia altxatu ondoren ere; beraz, erronka arrakastaz osa dezakete. Erronka lortzeko arrakasta gizabanako bakoitzaren ezaugarri antropometrikoen araberakoa da.

Arrautzaren erronka

1- Arrautza gordin bat hartu eta bertikalean jartzen saiatu: Beheko irudian agertzen den bezala arrautza zutik jartzen saiatu.

2- Arrautza fuerte astindu: Arrautza hartu eta esku batez fuerte astindu ondoren berriro bertikalean jartzen saiatu.

Zer gertatu da?

Arrautzaren grabitate-zentroa gutxi gorabehera erdian dago (gorringoan) eta bere oinarria oso txikia denez oso zaila da zutik mantentzea. Arrautza astintzean, gorringoa oinarrira jeisten da eta vzutik jartzea errezagoa izango da, bere grabitate-zentroa oinarritik oso gertu dagoelako.

Esperimentu hau Bizilabek argitaratu du (Elhuyarren eskutik) eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizkoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago