Hauteskunde autonomikoen data gaur iragarriko du Iñigo Urkulluk

Erredakzioa 2020ko maiatzaren 18a

15:00etan agerraldia egingo du Iñigo Urkullu lehendakariak. / IREKIA

Lehendakariak ezohiko Gobernu Kontseilua deitu du 13:00etan, eta 15:00etan agerraldia egingo du. Hainbat iturriren arabera, uztailaren 12a da hauteskunde autonomikoen datarik probableena.

Joan den asteko bilera alderdien arteko akordiorik gabe amaitu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur iragarriko du hauteskunde autonomikoen data.

Hauteskundeak deitu ahal izateko larrialdi egoera bertan behera utzi beharko du Eusko Jaurlaritzak, osasun krisialdi betean; legegintzaldia irailaren 25ean amaitzen da, eta, une honetan, lehendakariak ez du oposizioko alderdien babesik hauteskundeak uztailean deitzeko.

Uztaileko hiru igandetan egin daitezke hauteskundeak: 12an, 19an edo 26an; hipotesi nagusia 12a ospatuko direla da.

Hala ere, data baino, hauteskundeak deitzeko prozeduraren inguruko zalantzak argitu beharko ditu Urkulluk eguerdiko agerraldian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago