Badira 60 egun etxean lekutu ginenetik, bagara 60 goiz zaharrago, eta baditugu 60 gau izarrak etxeko leihotik kontatzen ditugula.
Gora eta gora, zuhurtziaren eta osasun neurrien izenean askatasuna galduz, eskubideak besteen esku utziz, duintasuna alokatuz.
Gora eta gora, eskalan etengabe gora. Kutsatuen eta hildakoen kopuruak gora egin ahala, gure erantzun ahalmenak behera... ahul, indarge, hilkutxan noiz sartuko zain.
Gora eta gora, estatuaren indarra bezala. Espainiako presidentearen agerraldi bakoitzeko, latz irabazitako herri-eskubide apurrak ahurrean, hatzamar artean, ihesi harea lez.
Behera eta behera, orain beherakoa datorrela diote. Espero beherako hau ez izatea sabeleko minak noizean behin eragiten duena modukoa, barrenak hustu eta hankartetik dena botatzekoa.
Behera eta behera ekingo diogu hurrengo asteotan, gora eta gora egin dugun bezala, maldan behera, Aresti gogoan.
Eta beheranzko horretan, gorantz egin dugun bitartean galdutako balore batzuk berreskuratzen baditugu, gaitzerdi!
Malgua, asimetrikoa eta egoeraren araberakoa izango dela dioskue, baina ikusteke ezaugarri horiek nola ikusten diren Madrilgo atalaiatik. Historiak ez digu irakaspen aberasgarririk utzi.
Krisi latz honek balioko ahal du zerbait ikasteko, zenbait jarrera aldatzeko! Edo, aitzitik, joera atzerakoienak indartuko?
Gure esku dago zein aldetara egin putz, norantz gidatu ontzia.
Normaltasun berria ez dadila izan zaharra bezain bidegabea, ankerra eta hiltzailea.