Elhuyar | #NikEtxeanEsperimentuak

'Misterioa argitu'

Bizilabe 2020ko mai. 14a, 10:15

Kodeak eta gakoak isilpeko komunikazio-moduak dira. Kode batek hitzak edo esaldiak ordezkatzen ditu letra- edo zenbaki-multzoekin; zifratu batek, berriz, letrak berrantolatzen ditu edo ordezkoak erabiltzen ditu mezua mozorrotzeko. Azalpen-bideoa ikusi eta urratsak jarraituz ea mezu sekretuak sortzeko gai zaren.

Kodeak eta gakoak isilpeko komunikazio-moduak dira. Kode batek hitzak edo esaldiak ordezkatzen ditu letra- edo zenbaki-multzoekin; zifratu batek, berriz, letrak berrantolatzen ditu edo ordezkoak erabiltzen ditu mezua mozorrotzeko. Prozesu horri enkriptatze edo zifratze deritzo. Komunikazio sekretu hori aztertzen duen zientzia kriptologia da. 

Idazkera sekretua gizakiak idazten hasi zirenetik existitzen da, mezuak pribatuan mantentzea baliotsua izan baita arrazoi ezberdinengatik. Hala, kriptologia aspalditik erabili dute gobernuek, militarrek, enpresek eta erakundeek beren mezuak babesteko. Gaur egun, enkriptazioa datuen biltegiratzea eta ordenagailuen arteko transakzioak babesteko erabiltzen da.

Antzina, mezuak oinez eramaten zirenean, erregeek eta agintariek aliatuei bidaltzen zizkieten gutunak enkriptatzen zituzten. Horrek, lapurtuz gero, mezuaren sekretua babesten laguntzen zuen. Beste alde batetik, telegrafoa asmatu zenean, "Morse kodea" erabili zen mezu ulergarriak soinu-patroien bidez bidaltzeko, sinplifikatzeak mezua bidaltzea ahalbidetzen zuen eta.

Gaur egun, ordenagailuek dokumentuak, sareko espazioa eta posta elektronikoko mezuak kodetzen dituzte erabiltzaileen mezuen konfidentzialtasuna babesteko. Zifratze-mota berriak oso aurreratuak dira, eta batzuetan konplikatuak... baina metodo zaharren oinarri berak dituzte!

Gaurko zure egitekoa nahi duzun esaldia gutxienez hiru kode sekretu erabilita enkriptatzea izango da. Hasteko, idatzi nahi duzun esaldia. 

Zer behar dugu?

Ispiluan idaztea

  • Etxeko edozein ispilu erabili dezakezu
  • Paper fin-fina eta boligrafoa

Tinta ikusezina

  • Arkatz zuria
  • Papera
  • Margoak

Orratz-markak

  • Egunkari edo aldizkari zahar bat
  • Orratza
  • Papera eta boligrafoa

Zeinu-hizkuntza

  • Esteketan agertzen diren irudiak (inprimatuta edo pantailan)

Zesarren gurpila

  • Klip bat
  • Guraizeak 
  • Kartoi mehea
  • Papera 
  • Bi koloretan idazteko boligrafo edo margoak

Nola egin?

Ispiluan idaztea

Ispilu batean zerbait idazten baduzu, idazketa alderantziz ikusten da.

Horrelako mezu bat idazteko, lor ezazu paper fin-fin bat. Markatzaile ilun batekin, idatzi zerbait alde batean. Ziurtatu beste aldean ikusteko bezain lodia eta iluna dela. Papera irauli eta idatzi zenuena marraztu. Hori eginda, esaldia alderantziz idatzita izango duzu. Ispilu baten aurrean ipiniz gero, esaldia irakurtzeko moduan ikusiko duzu. Behin hori eginda, zuzenean horrela idazteko gai izango zara? Probatu hainbat esaldirekin!

Tinta ikusezina

Paper zuri batean arkatz zuriz idazten baduzu, badirudi hor ez dagoela ezer. Baina gero haren gainean margotzen baduzu, zuk idatzitakoa magikoki agertu egingo da. Idatzi hitzak, esaldiak edo ohar bat norbaiti, eta gero, bere aurrean, margotu, esaldia magikoki agertzeko!

Orratz-markak 

Honetarako, egunkari edo aldizkari zahar bat beharko duzu. Erabili orratz bat hizki bakoitzaren azpian zulotxo txiki bat egiteko. Mezua deszifratzeko, jarri papera leihoaren kontra, eta zulotxoen gainean dauden hizkiak borobildu arkatz batekin. Amaitzeko,  borobildutako hizkiekin esaldia osatu. 

Zeinu-hizkuntza

Zeinu-hizkuntza hizkuntza bat da; esanahia transmititzeko, akustikoki transmititutako soinu ereduak erabili beharrean, esku-mugimenduen komunikazioa eta gorputz-hizkuntza erabiltzen ditu. Zeinu-hizkuntza zabalduena pertsona gorren hizkuntza da, baina badira beste batzuk, adibidez Australiako aborigenen zeinu-hizkuntzak, komunitate horien sinesmenen arabera hitz egitea tabu den egoeretan (dolualdiak, iniziazio-errituak...) erabiltzen direnak.

Euskal Herrian Espainiako eta Frantziako zeinu-hizkuntzak erabiltzen dituzte bertako pertsona gorrek. Gurean ez dago, beraz, zeinu-hizkuntza desberdin bat.

Zeinu-hizkuntzaren osagarri moduan, bestetik, alfabeto daktilologikoa edo esku-alfabetoa dago. Sistema hau, berez, sistema ortografikoaren moldaketa bat da: eskuen posizioen bitartez alfabetoko letra guztiak azaltzen dira. Logikoa denez, alfabeto hori hizkuntza bakoitzean moldatu egin behar da; euskarak bere sistema propioa dauka, nahiz eta oso erabilia ez izan.

Esku-alfabeto espainiarra: 

Zesarren gurpila

Kriptografian oso erabilia izan den gurpil bat egin dezakezu mezuak enkriptatzeko. Lehenik eta behin, egin bi kartoi-zirkulu, bata bestea baino pixka bat txikiagoa, eta erabili angelu-garraiagailu bat 13,8 graduko 26 piezatan markatzeko. Idatzi alfabetoko letra bat gurpil bakoitzaren zatiketa bakoitzean. Ondoren, lotu bi gurpilak zatiketa-orratz batekin, modu independentean biratu ahal izateko.

Jarraibideak:

  1. Itsatsi gurpil handia kartoi mehe baten gainean.
  2. Moztu kontu handiz soberan dagoena.
  3. Idatzi GORRIZ alfabetoa zirkulu TXIKIAREN inguruan (ordenatu gabe).
  4. Idatzi alfabetoa BELTZEAN zirkulu HANDIAREN inguruan (ordena jarraituta).
  5. Zirkulu txikia zirkulu handiaren gainean ipini, erdi-erdian zulotxo bat eginda.
  6. Lotu bi gurpilak erdigunean klip bat ipinita.

Erabiltzeko prest dago Zesarren gurpila. Kode desberdinak sor ditzakezu, beti ere abiapuntutzat hartuko duzun hizkia kontuan hartuta. Zifratzeko beltzetik gorrira egin beharko duzue. Deszifratzeko, aldiz, gorritik beltzera.

Esperimentu hau Bizilabek argitaratu du (Elhuyarren eskutik) eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizkoa hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago