Osakidetzak, hainbat eskualdetako osasun zerbitzuek, Carlos III.a Osasun Institutuak eta Estatistikako Institutu Nazionalak garatutako ENE-COVID19 seroprebalentzia-azterketak antigorputzen testak egin ditu estatu osoko populazioaren talde hautatu batean.
Araban mila pertsonak baino gehiagok parte hartu dute laginketan. Birusaren antigorputzen presentziaren populazio-estimazioa lortu da, eta azterketa serologikoekin batera, sintomei eta infekzio-iturriei buruzko hainbat galdera erantzun dituzte parte hartzaileek. Emaitza estatistikoak atzo jakinarazi zituen Espainiako Gobernuak
Emaitza horien arabera, Arabako 331.549 biztanleen %7,2k Covid-19a izan dute. Horrek esan nahi du 23.800 arabarrek baino gehiagok gaixotasuna gainditu dutela kalkulatzen dela; baina orain arte 4.868 kasu positibo baino ez ditu baieztatu Osakidetzak gure lurraldean, seroprebalentzia-azterketan aurreikusitakotik urrun (%20).
Modu honetan, emaitza horrek baztertu du oraingoz talde immunitatea izateko aukera, birusaren balizko bigarren bolada bati aurre egitea ahalbidetuko lukeena.
Test gehiago Araban
Egunero egindako testen kopurua handitzen jarraitzen du Osakidetzak. Azken 24 orduetan 3.251 test egin dituzte Araban: guztira %3ak eman du positibo, eta horietatik 93k antigorputzetan (%2,86), eta 5ek PCR testetan (%0,15).
Hortaz, 3.275 PCR kasu positibo daude une honetan Araban; hau da, pertsona horiek gaixotasuna dute une honetan.
Osakidetzak tokiko informazioa murriztu du
Bitartean, Osakidetzak egunero argitaratzen dituen datuak gero eta opakuagoak dira. Tokiko datuek gero eta presentzia txikiagoa dute, eta horrek tokiko hedabideok egin dezakegun jarraipen informatiboa zaildu egin du azken asteetan.
Hauek dira gaurko txostenean Osasun Sailak plazaratu ez dituen datuak:
- Lurralde bakoitzeko ospitaleratuen kopurua prentsa-oharrean bakarrik.
- Ospitaleratzeen eta alten kopurua ospitaleka.
- Kasu positiboak udalerrien eta osasun-eremuen arabera.
- Arabako oinarrizko birsorkuntza tasaren datua (R0) ere ez da ezagutzen; asteazken honetan ugaltze-tasa %1etik gora igo zenean eskaintzeari utzi zioten.