"Edozertarako oinarri nagusia izango da pertsonen artean gutxieneko tarte bat egotea, baita pertsonen joan-etorrietan pilaketak ekiditea ere". Hori da Eusko Jaurlaritzak hiru diputatu nagusiei, hiriburuetako alkateei eta Eudeli helarazitako irizpide nagusia, udako jaiak eta kultur-ekitaldiak antolatzeko orduan. Tarte fisikoa bermatzearekin batera, garbitasuna zaintzea ezarri du ezinbesteko baldintza moduan.
Orain, udal bakoitzaren esku dago erabakitzea jaiak bertan behera uzten dituzten edo beste formato batekin aurrera egiten duten. Dena dela, lehenik eta behin Eudelek Osasun sailari eskatutako txosten osagarria aztertu beharko dute Eusko Jaurlaritzak eta gainerako administrazioek; printzipioz, aste honetan bertan aurkeztu behar zuten hori.
Dena den, ezarritako baldintza orokorrak ikusirik, zaila suertatzen da abuztuaren 4an ohiko Zeledonen jaitsiera jendetsua irudikatzea.
Azkena Rock atzeratu da
Ekainaren 19an eta 20an bertan ospatzekoa zen Azkena Rock jaialdia, esate baterako, bertan behera utzi behar izan dute aurten, eta 2021eko ekainera arte ez da ospatuko hemeretzigarren edizioa Mendizabalan. Hala ere, izen mitiko bat gehitu dute zerrendara: Iggy Pop.
Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dute administrazio publikoen erabakiaren zain izan direla baina ezin dutela gehiago atzeratuko erabakia, eta dagoeneko artista gehienek hurrengo urtean parte hartzeko aldez aurretiko jarrera ona erakutsi dutela. Azkena Rock jaialdiarekin batera, uztailaren 13tik 18ra aurreikusita dagoen 44. Gasteizko Jazzaldiarekin zer gertatuko den ere ikusteke dago, eta baita Gaubean ospatzen duten Schubertaldiaren hirugarren edizioarekin edo Araiako Umore Antzerkiarekin eta Atauri Art Mendialdeko zirku eta kale-antzerkiarekin.
Herrietako jaiak
Bitartean, toki desberdinetan irudimena astintzen hasi dira, osasun krisian ere jaiak eta jaialdiak ospatu ahal izateko. Datorren ekainean, esate baterako, Araiako jaiak ez dira orain arte ezagutu ditugun bezalakoak izango. Osasun krisiak ohiko jarduerak galaraziko ditu, besteak beste, kontzertuak eta zezensuzkoa. Hala ere, Udalaren asmoa da Araiak bere jaiak ospatzea eta, gainera, ahalik eta parte-hartze handienarekin egitea. Hori dela eta, maiatzaren 20ra arte, Udalak epea ireki du Jai Batzordean parte hartzen duten gizarte, kultura eta kirol eragileen proposamenak biltzeko.
Gasteizko auzoetako jai-batzordeek, berriz, jaiak ohiko formatuan ez antolatzeko erabakia hartu dute, "pertsonen osasuna babesteko pandemiak iraun bitartean eta baldintza egokiak eman arte". Alta, argi utzi dute jaiak mantenduko dituztela, formatoa aldatuta, eta parte-hartzea zabaltzeko deia egin dute. "Sorkuntza eta irudimen fase berri bati ekingo diogu eta horretarako guztion ekarpena ezinbestekoa da, guztion artean koloreztatu eta alaituko baititugu auzoak. Buruari ekin eta bakoitzak bere alea jartzeko deia luzatu nahi dugu, musikariak, antzezlariak, sukaldariak, txosneroak…".