Koronabirusa

"Atzeratuta bada ere, lagungarria da hil direnei agurrak egitea"

Mirian Biteri 2020ko mai. 16a, 10:00

Hil Argi elkarteko kide Nere Erkiaga.

Hil Argi elkarteak heriotzaren inguruan, maila guztietan, dagoen tabua apurtu eta gai honetan herritarrak ahalduntzen laguntzea helburu duela azaldu du Nere Erkiagak.

Denbora gutxi darama martxan Hil Argi elkarteak. Heriotzaren inguruan aholkularitza emateko asmoa du hainbat esparrutan: besteak beste, heriotzaren inguruko omenaldi edota agurrak egiteko baliabideak eta herrietan gai horren gainean sortzen diren taldeen antolaketarako aholkuak eskaintzen ditu. Guzti horretaz eta koronabirusaren krisiak eragindako egoera berriaz hitz egin du Nere Erkiaga kideak.

Zein da elkartearen helburua?

Heriotzaren inguruko ezagutzan sakontzea bilatzen du, tabuak maila guztietan apurtzeko. Gizarte mailako elkarte baten ekintza bat da, heriotzaren aurrean beldurra edo ezjakintasuna murrizteko informazioa helarazten duena. 

Koronabirusak hankaz gora jarri du elkartearen ohiko jarduera, ezta?

Hala da. Esku artean hainbat proiektu genituen eta koronabirusarekin horiek alde batera utzi eta egoera berriari erantzuteko informazioa atera dugu; hain justu ere, hildakoei agurrak egitearen garrantzia zabaldu nahi dugu. Askotan, gaur egun, uste da agurra erlijio batek edo kanpora begira sortutako jarduera bat dela. Eta hori ez da horrela. Hileta edo heriotza agurrek ez dute zerikusirik erlijioarekin, hauek erabiltzen badituzte ere. Agurra behar humano bat da: batetik, laguntzen du hil denaren bizitza zeinen garrantzitsua izan den erakusten edo, behintzat, partekatzen; eta, bestetik, norberaren emozioak bideratzeko aukera ematen du. Agurra taldean eginda, gainera, babesa sortzen da eta heriotzaren errealitatea barneratzen laguntzen du. Hau esanda, gure mezua argia da: koronabirusak horrenbeste heriotza eragin dituen garai honetan, agurretan jar dezagun arreta.

Egoera honetan agurren gaineko hiru proposamen zabaldu dituzue. Zeintzuk?

Agur intimoak egokiak dira dira; agur intimoak dira hil den pertsonaren hurbilenekoen artean etxean egindakoa.

Batetik, zabaldu nahi dugu agur intimoak egokiak direla; agur intimoak dira hil den pertsonaren hurbilenekoen artean etxean egindakoa. Maite den pertsonaren heriotza gertatu eta orain arteko isolamendu egoeragatik bildu ezin direnak teknologia bidez "elkartu", eta hildakoari maitasuna eta esker ona adierazi diezaiokete. Hil Argi elkartetik aholkuak emango dizkiogu horrelako agur bat egin nahi duenari, lagungarria izan daitekeen materiala dugu prest.

Bigarrenik, ohikoak diren hiletak daude, ezta?

Bai, isolamendua bukatu ondoren egiteko agur sozialak daude. Covid-19ak agur hauek atzeratu beharra ekarri du, baina egin egiteko proposatu nahi dugu, agurrek bete dezaketen funtzioagatik. Orain arte gure herrietako elizetan egin dira hiletak eta denok ezagutu izan dugu gutxi gorabehera agurra egiteko modua edo gidoia. Gaur egun, ohikoa da hileta zerbitzuek dituzten lekuetan agurra antolatzea. Baina lekua txikiegia delako edo bestelako agurra egin nahi delako, agur soziala antolatzeko baliabideak bilatu egin behar dira. Bildutako eredu batzuetatik, lagungarriak izan daitezkeen ohar orokorrak proposatzen ditugu. 

Hileta beren kabuz antolatu behar duten horiei begira, zeintzuk dira kontuan hartu beharreko aholku orokor horiek?

Batetik, hiletaren denbora dago. Hil den pertsona duintasunez eta humanitate guztiarekin agurtzeko behar den denbora ondo zaindu behar da, laburregia edota luzeegia ez izateko: komeni da 20 minutu baino gutxiago ez izatea, eta 60 baino gehiago ez luzatzea. Bestetik, garrantzitsua da agurra bideratuko duen pertsona bat egotea; besteak beste, gidoia egokitu, leku fisikoa antolatu, parte-hartzaileak bideratuko dituena. Bestalde, guretzako inportantea da agurrak antolatzerakoan, hizkuntza sinbolikoek eta kultura sorkuntzek duten potentziala. Argazkiak, loreak, kandelak, hitza eta isiltasuna bezalako hizkuntza sinbolikoek erlijioek erabili dutena da, baina ez da beraiena bakarrik, hizkuntza humanoa baita. Gizarte mailan berreskuratu eta erabiltzea proposatzen dugu. Kantua, musika, bertsoa edo dantza moduko kultura sorkuntzak, berriz, aisialdi hutsa baino harago doaz; hil den pertsonaren bizitzaren esanahiak osatzeko modu bezala erabiltzearen alde gaude.

Proposamenekin amaitzeko, herri mailan egiteko omenaldia da hirugarren aukera...

Udalak, ekimen instituzionaletatik alde eginda, herriko taldeak bideratu ditzake horrelakoen antolaketan.

Gure ustez, herritarrek antolatutako omenaldi txikia egitea ondo egongo litzateke, isolamendu egoeran hil diren guztiengatik, eta ez bakarrik koronabirusagatik. Heriotza hauen humanizazioan egin daitekeen lana onuragarria izango da bai doluan diren herritarrentzat eta baita beste herritar guztientzako ere, elkartasuna adierazteko modua izan daitekeelako. Udalak, ekimen instituzionaletatik alde eginda, herriko taldeak bideratu ditzake horrelakoen antolaketan. Herritarrek herritarrentzako egindako omenaldiak dira azken hauek. 

Nola egiten du lan Hil Argi elkarteak?

Elkarte txikia gara. Talde bat dugu Bertso-ipuin bat zuretzat proiektuan. Beste talde bat dago koronabirusaren inguruan agurren konturako informazioa biltzen eta antolatzen ari dena. Eta etorkizun laburrera begira, agurren inguruko informazioa sendotzen lagunduko duen talde bat nahi dugu indartu. Gaur egun ditugun baliabideekin, aholkuak ematen ditugu herrian herritarren talde bat sortzeko asmoa dutenei, heriotzaren inguruan hitzaldiak egiteko, agurrak antolatzeko lekuak bilatzeko edo dena delakoa prestatzeko; aholku horiek bakoitzaren eta herriaren ezaugarrietara daude egokituta. Bestalde, ez da esan behar elkartearen ateak zabalik daudela parte hartu nahi duen orori.

Zer da Bertso-ipuin bat zuretzat proiektua?

Zaintza aringarrietan dauden haurrarentzat bereziki sortutako bizitza-kantu bat eskaintzen dugu, umeari berari eta familiari galdetutako elementuen bidez sortuz. Bertso-ipuinaren bidez haurra erdigunean jarri eta garrantzitsua dela adierazteko modu bat eskaini nahi dugu, berarentzat bereziki egindako kantuarekin. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago