Konfinamenduaren ostean, "normaltasun berri" baterantz, Unesco Etxeak eta Gasteizko Artgia sorguneak indarrak batu dituzte artea sustatu eta artista garaikideen lana ikusarazteko. Garapen jasangarriko helburuak oinarri, #ResiliART deialdi artistikoa antolatu dute lanei hedapen birtuala emateko asmoarekin. 30 sortzaileren lanak aukeratuko dituzte.
Ekimena Unescok apirilaren 15ean kaleratu zuen munduko ResiliART mugimenduaren barruan dago: "ResiliART artearen eta sortzaileen aldeko bultzada bat da, Covid pandemiari erantzuteko, eta krisi une honetan ahalik eta ikusgarritasun handiena emateko sortzaileei, aurretik dituzten erronketan indarra emateko", azaldu du Bego Guzman Unesco Etxeko arduradunak.
Egoera honen aurrean eta euskal kultur ekosistema osoaren "bidegurutze zaila" ikusita, bi erakundeek ikuspegi eta begirada berriak proposatzearen alde egin dute. "Bada garaia arteari, sorkuntza garaikideari eta artisten begiradari balioa emateko, bizi diren errealitateen lekuko eta etorkizuneko narratzaile gisa".
Sortzaile eta herritarrak etorkizunera begira jarri dituzte erakundeok, datorrenaren inguruko gogoetarekin: "Covid-19 pandemia esperimentatu, bizi eta pairatu ondoren, zer etorkizun imajinatzen dugu? Zer rol izango du hemendik aurrera ingurune digitalak kulturaren sektorean? Kultura-bizitzan sartzeko eta parte hartzeko kultura-eskubideak bermatu ahal izango ditugu? Eta artisten eta sortzaileen interesak babestea?".
#ResiliART deialdi artistikoan parte hartu nahi duten sortzaileek maiatzaren 18ra arte izango dute lanak aurkezteko aukera. Erakusketa birtuala maiatzaren 20an inauguratuko dute, eta www.artgia.com webguneko azalean egongo da eskuragarri ekainaren 20ra arte. Hortik aurrera, webguneko artxiboetan jarraituko du eskuragarri. Parte hartzen duten sortzaileek beren obra salmentan jarriko dute, beraiek aukeratutako prezioarekin.