Elhuyar | #NikEtxeanEsperimentuak

'3, 2, 1... Nire bihotza!'

Bizilabe 2020ko mai. 11a, 11:06

Erronka honetan esfortzu fisikoa izango duzu aztergai; esfortzu fisikoak gure bihotzean duen eragina aztertzea. Azalpen-bideoa ikusi eta urratsak jarraituz neurtu etxekoen esfortzu fisikoak duen eragina.

Erronka honetan esfortzu fisikoa izango duzu aztergai. Jakina da, ohikoa ez den esfortzu bat egiten dugunean gure bihotz-maiztasuna handitu egiten dela. Honen eredu adierazgarriena kirola da. Ariketa fisikoa egitean, ariketaren intentsitatearen proportzioan handitzen da bihotz-maiztasuna. Hala, bihotz-maiztasuna erabiltzen da entrenamenduaren intentsitatea adierazteko. Horretan oinarrituko gara, bada, esfortzu fisikoak gure gorputzean duen eragina aztertzeko.

Bakarka egin dezakezu, baina etxekoak animatzen badituzu, hainbat pertsonaren datuak izango dituzu, eta azterketa sakonagoa egiteko aukera izango duzu. Beraz, animatu eta jarri kirola egiteko arropa hastera baikoaz: 3, 2, 1,... aurrera!!!

Zer behar dugu?

Erronka honetan ez dugu gauza handirik behar:

  • Papera eta boligrafoa.
  • Erloju edo kronometro bat (mugikorrean duzunarekin nahikoa da).
  • Internetera konektatuta dagoen gailu bat: telebista, ordenagailua, mugikorra,... (ez da ezinbestekoa).

Nola egin?

1- Bihotz-maiztasuna neurtzen ikastea. Bihotz-maiztasuna definitzen da bihotzak denbora-unitate jakin batean egiten duen uzkurtze-kopurua bezala. Horrela, bihotz-maiztasuna neurtzen dugunean, bihotzak minutuko egiten dituen taupaden kopurua bezala adierazten da.

Bihotz-maiztasuna neurtzeko gailu desberdinak daude, pultsometroak, adibidez, eta mugikorretan ere izaten dira pultsua neurtzeko hainbat app (zure telefonorako app-a bilatu dezakezu). Baina erronka honetan, hurrengo pausoak jarraituz neurtu dezakezu zure bihotz-maiztasuna:

  • Luzatu beso bat esku-azpia gorantz duzula.
  • Jarri beste eskuko 3 hatz eskumuturrean eta bilatu, hezurraren eta tendoiaren artean dagoen hutsunean, arteria-taupadak; kontzentratu eta pultsua bilatu hatzak mugituz eta presio arina eginez.
  • Kontatu zenbat taupada dauden denbora jakin batean. Erlojuaren laguntzarekin kontatu erabakitzen duzun denbora bateko taupadak (15 segundo, adibidez) eta minutu batera eraman. Hau da, 15 segundotan 23 taupada kontatzen badituzu, minutu batean dituzun taupadak jakiteko bider lau egin behar duzu (23x4), eta zure bihotz-maiztasuna 92 taupada/minutu dela ondorioztatuko duzu.

2- Parte-hartzaileen fitxa egitea. Gorputz guztiek ez dute berdin erantzuten  esfortzu beraren aurrean, eta pertsona baten gorputzak ere ez du berdin erantzuten momentuaren arabera. Horregatik, emaitzen analisia egiteko oso baliagarria da erronkan parte hartuko duten pertsonen ahalik eta datu gehien fitxa batean jasotzea: adina, sexua, bihotz-maiztasuna kirola egin aurretik eta kirola egin ondoren, kirol-ohiturak eta abar. Hurrengo taula erabili dezakezu:

3- Egingo duzun kirol-errutina aukeratzea. Kirol mota asko dago, baina erronka hau egiteko kirol aerobiko bat aukeratu behar duzu: zumba, aerobica,...  

Sarean bilaketa egiten baduzu eredu asko topatuko dituzu, baina parte-hartzaile guztietara hobeto egokitzen den kirol-errutina aukeratzea oso garrantzitsua da: iraupenari dagokionez luzeagoa edo motzagoa izan daiteke, eta esfortzuari dagokionez,  gogorragoa edo arinagoa. Nahiz eta bakoitzari ahalegin desberdina suposatu, denek egiteko modukoa izan behar da.

4- Egunero kirol-errutina egin eta taula osatzen joan. Erabaki duzun kirol-errutina egunero errepikatu eta taula osatu behar duzu. Oso garrantzitsua da egunero kirol-errutina berdina errepikatzea, kirol-errutina bakoitzak esfortzu desberdina eskatzen baitu.

5- Emaitzen analisia. Erronka bukatzeko, taulan jaso ditugun datuen analisia egin eta ondorioen hausnarketa egin behar duzu. Horretarako portzentaje desberdinak kalkulatu ditzakezu: kirola hasi aurretik eta bukatu ondoren dituzuen bihotz-taupaden aldaketa izan daiteke esfortzua neurtzeko erabili dezakezun datu esanguratsuena.

Hurrengo formula erabiliz kalkulatu dezakezu:

Eguneroko datuekin bihotz-maiztasunaren aldaketa kalkulatzen baduzu, kirol-errutina errepikatzean zure esfortzua nola aldatu den ikusiko duzu. Parte-hartzaile bakoitzaren eguneroko bihotz-maiztasunaren aldaketak (%) grafikoki irudikatzen badituzu, bakoitzaren esfortzuaren bilakaera denborarekin nola aldatzen den argi ikusiko duzu.

Zer gertatu da?

Printzipioz, egunero errepikatzen baduzu kirol-errutina berdina, kirol-jarduera hori egiteko behar duzun esfortzuak txikiagoa izan beharko luke. Hau da, denborarekin bihotz-maiztasunaren aldaketa (%) txikitzen joan behar da. Horrela ez bada, lasai, bihotz-maiztasunean aldagai askok eragiten baitute (atsedena, elikadura, estresa,...). Gainera, gerta daiteke aukeratu duzun kirol-errutina oso gogorra izatea eta aldaketak ikusteko egin dituzun egunak baino gehiago behar izatea.

Esperimentu hau Bizilabek argitaratu du (Elhuyarren eskutik) eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizkoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago