Koronabirusa

"Krisia hain larria al da ala antolakuntza faltak larriagotu egin du?"

Mikel Buruaga 2020ko mai. 10a, 08:00

Mikel Ezkerro Colca ibaiaren haranean, Perun. / Argazkia: Garazi Larrazkueta

Covid-19aren krisiak Perun harrapatu zuen Mikel Ezkerro. 2019ko uztailetik Latinoamerikan zehar ibili ondoren, martxoan etxera itzultzea zuen aurreikusita; apirilaren 19ra arte ez zen itzuli, ordea.

Lehen koronabirus kasua otsailaren 28an atzeman zen Araban, baina ordurako mundu mailako pandemiaren hazia ereinda zegoen, eta hala baieztatu zuen Munduko Osasun Erakundeak (MOE) martxoaren 11n.

Azken bi hilabeteetan ondorio asko izan ditu birusak: osasun larrialditik hasita, oraindik bere osotasunean ezagutzeke dagoen krisialdi ekonomikoraino; bitartean, nazioarteko mugimenduen murrizketak hankaz gora jarri ditu herritar askoren etxera itzultzeko planak.

Hala ere, Mikel Ezkerro Najerak (Gasteiz, 1992) zailtasun handirik gabe Euskal Herrira itzultzea lortu du, hilabeteko atzerapenaren ostean. Gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren kudeaketa, eta bere ustez hain larria ez zen egoera bat larriagotu egin duela dio.

Zertan ibili zara Latinoamerikan?

2019ko uztailean Bogotara (Kolonbia) abiatu nintzen, eta bederatzi hilabetez Latinoamerikan zehar bidaiatu dut. Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia eta Txile ezagutu ditut; hiriak, herriak, natura… Modu zabal batean planteatu nuen bidaia; ez nuen bakarrik turismoa egin nahi, bertako jendea eta komunitateak ezagutu nahi nituen.

Nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia asko izan dira, baina bereziki gogoan dut Cholchol herriko maputxeekin bizitakoa edota Kolonbiako Amazonasen ikusitakoa. Bestalde, Txileko istiluekin eta Boliviako estatu kolpearekin ere topo egin dut; pena handiz, Bolivia ezin izan nuen asko ezagutu, hegazkin bat hartu eta Perura irten egin behar izan nuelako. Eta Perurekin maiteminduta etorri naiz, batez ere Cusco eskualdearekin, Kolonbian bezala natura oso anitza delako; bertako Andeak izugarriak dira, eta baita bertako komunitate indigenak ere.

"Espainiako Gobernuaren kudeaketa ez da batere eredugarria izan"

Dokumental proiektu bat ekarri duzu motxilan, ezta?

4.000 metroko altueran dagoen Chahuaytire (Cusco) izeneko herri batean urtero egiten duten erritual bat aitzaki hartuta, bertako komunitatearen inguruko dokumental labur bat egingo dut. 500 lagun bizi dira ehungintzaz eta nekazaritzaz, eta hiru erlijio daude, bakoitza bere tenplu propioarekin; hura dokumentatu nuen eta orain editatzen nabil. Handik hurbil, Cocla izeneko kooperatiba batentzat bideo batzuk ere egin ditut, lo egiteko lekuaren truke.

Huascaran Parke Nazionala, Mendikate Zuria (Huaraz), Peru. / Argazkia: Garazi Larrazkueta

 

Eta bat-batean koronabirusa…

Perun harrapatu ninduen, etxera itzultzen. Martxoaren 16an Cuscotik Bogotara hegaldi bat hartu behar nuen, eta 20an beste bat, Bogotatik Madrilera. Cuscoko aireportura iritsi nintzenean kriston kaosa zegoen, baina Limara heltzea lortu nuen, eskala egiteko; han geratu behar izan nintzen, Kolonbiako gobernuak atzerritarrei mugak itxi zizkielako aurreko gauean. Hortaz, ezin izan nuen Kolonbiara hegan egin.

Nola bizi izan duzu hilabeteko atzerapena?

Astebetez ostatu batean egon nintzen, eta ikusi nuen guztia luzatu egin behar zela. Aukera zegoen Espainiako Gobernuak antolatutako errepatriazio-hegaldi batekin itzultzeko, baina nik Kolonbiatik pasa nahi nuen itzuli baino lehen. “Onerako” izan da, nolabait, muralismo proiektu eder bat ezagutu ahal izan nuelako Limako Callao auzoan. Esperientzia izugarria izan zen: nire bizitza osoan lehen aldiz marraztu eta margotu nuen, eta bideo pare bat egiteko aukera ere izan dut.

"Hegan egin genuen pertsona guztietatik batek ere ez zuen probarik pasa behar izan"

Zer eragin izan du osasun krisiak Latinoamerikan?

Jende asko salmenta ibiltaritik bizi da Latinoamerikan. Kasu honetan, osasun krisiarekin gertatu dena izan da pertsona horietako askok, gehienek edo guztiek ezin dutela kalera irten, ezin dituztela euren produktuak saldu eta ezin dutela dirua lortu, euren alokairua, euren fakturak eta euren janaria ordaindu ahal izateko. Jende hori normalean txiroa baldin bada, orain askoz gehiago. Osasun krisiak are krisi handiagoa sortu du Latinoamerikan.

Torres del Paine Parke Nazionala, Txile. / Argazkia: Garazi Larrazkueta

 

Odisea bat izan al da etxera itzultzea?

Ez dut zailtasun handirik izan. Nik hartuta neukan hegaldia azkena izango zela irakurri nuen sare sozialetan, eta Espainiako kontsulatura deitu nuen. Beraiek hori kudeatzen ez zutela esan zidaten, zuzenean Iberiara deitu behar nuela. Deitu nuen, nire datuak eman nizkien, eta hegaldia ohiko prezioan ordaindu ostean itzultzeko aukera izan nuen. Listo.

Hain erraza izaten ari da, oro har?

Egia da hasierako hegaldiekin arazoak egon zirela, batez ere kontsulatuak sortutako desinformazioagatik, antolakuntza faltagatik… Inork ez zekien nora deitu behar zuen. Bitartean, Espainiako Gobernua Madriletik eskatzen ari zen, “mesedez”, atzerrian zeuden herritarrak “ahalik eta azkarren” itzultzeko. Kontsulatura edo enbaxadara joaten zinen eta itxita zegoen, ez zuten telefonoa hartzen…

"Osasun krisia hain larria al da ala gobernuen antolakuntza faltak larriagotu egin du?"

Gaizki jokatu al dute erakundeek?

Hasieran oso zoroa izan zen dena jende askorentzat, baina krisia hasi zenetik astebetera-edo, nire ezagun bat erdi hutsik zihoan hegazkin batean itzuli zen. Espainiako Gobernuaren kudeaketa ez da batere eredugarria izan itzultzea erraza zen bitartean; ez da eskuragarri egon, ez du informaziorik helarazi, eta ez du erraztasunik eman. Ez zenuen deitzen kontsulatura edo enbaxadara eta azaltzen zizuten prozesua; bazirudien beste bide batzuetatik zuk jakin behar zenuela hegazkin bat irtengo zela, hegazkin horretan eserleku bat beraiei erreklamatzeko.

Koronabirusaren probarik egin al dizute?

Perutik Espainiara hegan egin genuen pertsona guztietatik batek ere ez zuen probarik pasa behar izan. Ez ziguten inolako testik egin, ez Liman, ezta Madrilen ere; ez ziguten inolako irizpiderik eman, ez hegazkinera igotzerakoan, ez heldu ginenean... Beraz, konspiranoikoa izango da esango dudana, baina honek guztiak pentsatzera eraman nau: gaixo eta hildako asko eragin dituela jakinda ere, osasun krisia hain larria al da benetan ala gobernuen antolakuntza faltak larriagotu egin du?

Zer alde dago hango eta hemengo egoeren artean?

Inoiz ezin izango dugu jakin Perun eta Latinoamerikan orokorrean koronabirusak benetan izan duen eragina, zenbat kutsatu egon diren, zenbat hildako… Izan ere, hango osasun baliabideak hemengoak baino murritzagoak dira. Peruren kasuan, osasun sistema normalean kolapsatuta baldin badago, imajinatu orain.

"Inoiz ezin izango dugu jakin Latinoamerikan koronabirusak benetan izan duen eragina"

Eta kudeaketari dagokionez?

Kudeaketa antzekoa izan da, baina kasu batzuetan ezberdina: Perun, adibidez, oraindik ere etxeratze-agindua dago 18:00etatik aurrera. Aste batean sexuaren araberako irtenaldi baimenak egon ziren: hiru egunetan emakumeak irten ahal ziren, beste hiru egunetan gizonezkoak, eta igandean inor ere ez. Gero, adibidez, kalean ibili ezin zinen une horietan norbait harrapatzen bazuten, isuna jarri beharrean komisaldegira eramaten zuten zuzenean, bertan gau oso bat pasatzera. Neurriak hartu dituzte eta orokorrean jendeak errespetatzen ditu: maskarak erabiltzea, etxean geratzea, eta abar. Hala ere, hemen baino pixkat malguagoak direla esan dezakegu, zentzu batzuetan.

Queulat Parke Nazionala, Txile. / Argazkia: Garazi Larrazkueta

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago