Toki komunikabideen sektorea inoiz baino biziago dabil Koronabirusaren eraginez alarma egoera ezarri zenetik. Itxialdiak gure egunerokotasunari eta gertuko inguruneari eragin dion neurrian, herritarrek gertuko errealitate horri buruzko informazio bila jo dute, eguneroko erabakiak hartu ahal izateko informazio praktiko bila. Horrek toki komunikabideen kontsumoa zein erredakzioen lan-zama biderkatu egin du.
Egun konplikatu hauetan, ahalegina biderkatu dute bizilagunak zehatz eta puntual informatuta, eta entretenituta ere edukitzeko. Horixe delako haien bokazioa, noski, baina gainera legez ere behartuta egon direlako: alarma egoeran jarduera ekonomiko gehienak geldiarazi diren bitartean, komunikabideak zerbitzu esentzial gisa hartu dira hasieratik, eta beraz lanean jarraitzera behartu.
Lanean jarraitzeko konpromiso eta legezko betebehar horrek zailtasun teknikoak eta kostuak ere biderkatu ditu: langileak, elkarrizketatuak eta erabiltzaileak babesteko neurri eta protokoloak, kalean kazetaritza zein banaketa lanak egiten ibiltzeko zailtasunak… Ezohiko egoera honetan informazioa jasotzen eta hedatzen jarraitzeko konpromisoak irudimen handia eta ahalegin fisiko eta ekonomiko erraldoia eskatzen ari da.
TOKIKOMeko toki komunikabideen interneteko kontsumoa %97 hazi da 2020ko apirila 2019koarekin alderatuz gero, eta %62 krisia hasi zenetik. Harro eta pozik egoteko motiborik ez da falta toki komunikabideen sektorean, baina egoera luzatu ahala, kezka ere areagotzen doa. Ahalegin, lan-zama, kostu eta informazio eskaera gehigarri hau toki komunikabideen diru-iturri propioen inoiz ez bezalako murrizketarekin batera iritsi da.
Tokiko jarduera sozial, ekonomiko eta kulturala erabat geldituta, komunikabideon publizitate eta zerbitzu salmentak egun batetik bestera desagertu dira. TOKIKOMek bazkide dituen 25 entitateen artean egindako ikerketa baten arabera, martxotik abuztura %72 murriztu da batez beste toki komunikabideen fakturazioa, kasu askotan %80ra ere iritsiz. Berez oso oparoa ez den egoera normaleko lan karga eta kostuak biderkatu egin dira egunotan, eta diru sarerak, berriz, betikoen laurden bat izatera ere nekez iristen ari dira.
Eurotara ekarrita, aurreikuspena da toki komunikabideek 2.532.720 euroko diru sarrerak galtzea abuztura bitartean, publizitatean eta bestelako komunikazio zerbitzuetan izandako murrizketen ondoren. Irailetik aurrera zer eta nola etorriko den ere ez dago jakiterik, baina ezin optimista izan.
Beste hainbat sektorek bezala, toki komunikabideenak ere erakundeen eta gizarte osoaren babesa beharko du datozen garaiotan, esentzialtasun hori garai txarretan eta hobexeagoetan ere aitortzeko.