Alarma egoeran, kartzelek ezarritako eskubideen murrizketa areagotu da preso dauden herritarrentzat. Horren aurrean kezka agertu dute Salhaketa, Sare eta Etxerat elkarteek, eta espetxeen kudeaketa kritikatu dute Covid-19aren aurrean. Manifestu bat sinatu dute hirurek, salatzeko Espainiako kartzeletan ez direla aplikatu nazioarteko erakundeen gomendioak. Beraz, neurriak eskatu dituzte pandemia espetxeetan zabaldu ez dadin.
Martxoaren 15ean, Espainiako estatuan alarma egoera indarrean sartu zenean, presoen komunikazio guztiak bertan behera utzi ziren, baita presoen baimenak edo programatutako irteerak ere. Zehazki, ez da tratamendu-jarduerarik egiten, aurrez aurreko familia-komunikazioak eta bisitak mintzalekuetan eta abokatuekin desagertu dira, irteera-baimenak eten dira eta erdi-askatasuneko erregimenerako gradu-progresioak geldirik daude gehienak.
Prebentzio neurriak
Hartutako salbuespen neurriek izango duten iraupena ikusirik, sektore askotatik, bai nazionalak, bai europarrak eta nazioartekoak –besteak beste, Nazio Batuak eta Europako Kontseilua–, kartzelatik ateratze kontrolatuak eskatu dituzte adineko presoentzat, adibidez, eta baita prebentzio eta osasun neurriak ere.
Espainiako espetxeetan dauden Arabako 18 presoen kasuan, Etxeratek argitu du haien osasun egoera ona dela oraingoz. Hala ere, elkarteak azaldu du espetxe gehienetan ez dela martxan jarri kutsatzea prebenitzeko neurririk, eta presoei ez zaiela maskararik, eskularrurik edo produktu espezifikorik eman. Gainera, modulu itxietan daudenak izan ezik, presoek espazio komunak partekatzen jarraitzen dute, hala nola jangela edo patioa, nahiz eta espetxe batzuetan txandaka jarri ziren jolastokira edo jangelara jaisteko.
"Sevillan lixiba tapoi bat baino ez zitzaien ematen astean ziega desinfektatzeko"
"Sevillako espetxean pandemia hasi zenean hilabeteak zeramatzaten medikurik gabe, eta duela egun gutxi konpondu da arazoa. Preso politikoak isolamendu-moduluan daude, eta aste askotan lixiba tapoi bat baino ez zitzaien ematen astean ziegak desinfektatzeko", argitu du Etxeratek.
Bestalde, soilik Logroñoko espetxean egin dizkiete Covid-19a atzemateko frogak bertan dauden presoei. "Horrelako zerbait egiten duen lehen espetxea da", esan dute.
Komunikatzeko trabak
Higineaz haratago, presoei ezarritako komunikazio etenaldia da kezka-iturri. Egoera arintzeko, espetxe batzuetan telefono dei gehiago egiteko aukera eman diete, eta baita bideo-deiak ere. Alta, Etxeratek argitu du bideo-deiak egiteko aukera kartzela bakoitzaren zuzendaritzak markatzen duela. "Batzuetan soilik egin ahal dira arrazoi berezi bat badago – gaixotasuna, senideren baten heriotza, jaiotza–; beste kasu batzuetan presoek ez dute baimenik: "Ezin dute bideo-deirik egin Igor Martinez de Osabak (Zuera), Iratxe Yañezek (Villabona) edo Unai Lopez de Okarizek (Daroca)".
Gainerako espetxeetan hamar minutu inguruko bideo-deiak egiten dituzte, baina maiztasun ezberdinarekin: batzuetan astean behin, beste batzuetan hilean behin eta beste batzuetan aurrez aurreak ordezkatzen.
Graduen aldaketan ere izan du eragina pandemiak. Zehazki, Gasteizko Xabier Agirre presoaren kasua gogora ekarri du Etxeratek. "Hirugarren gradua eman diote duela egun batzuk, baina oraindik ez dakigu zer baldintzatan edota baldintzapeko askatasunean egongo den ere".