PPko batzarkide baten aurkako irainak Batzar Nagusietako batzorde batean

Erredakzioa 2020ko mai. 6a, 16:47
Goi-kargudunak PPko Ana Salazar iraindu du bilera telematikoaren une batean. / JJGGalava.eus

Modu telematikoan egin den Batzar Nagusietako batzorde batean, Lurralde Orekaren Saileko foru zuzendariaren irainak salatu ditu PPk. Alderdi honetako batzarkide bat "popatik hartzera" bidali ostean, barkamen publikoa eskatu du Aldundiko goi-kargudun jeltzaleak.

Batzorde Iraunkorra, Arabako Ganberako organo gorena, modu telematikoan bildu da asteazken honetan, Covid-19ak sortutako osasun-krisiaren kudeaketaren inguruan Lurralde Orekako foru diputatu Irma Basterrak hartutako neurriei buruz egindako agerraldiaren harira.

Batzarkide talde popularrak ohar batean azaldu duenez, Jesus Maria Guinea Lurralde Orekaren Saileko foru zuzendariak mikroa irekita ahaztu du [2:20:00 minututik aurrera], eta PPko bozeramaile Ana Salazar "popatik hartzera" bidali du.

PPren arabera, Irma Basterra Lurralde Orekako foru diputatuari erantzuteko txanda eskatu du Salazarrek, eta une horretan entzun dute Guinearen adierazpena. "Errespetu falta bat" dela salatu eta barkamena eskatu dute.

Egindakoa "justifikaezina" dela onartu du Guineak, eta idatzi bat helarazi du Batzar Nagusietara, foru-organoko kide guztiei barkamena eskatzeko, bereziki Ana Salazarri; telefonoz berarekin zuzenean harremanetan jarriko dela ere iragarri du Guineak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide