28.112 arabar ABLEEen eraginpean eta 1.955 langabetu gehiago Araban

Erredakzioa 2020ko mai. 6a, 11:13

Aernnovak langileen %60ri eragiten dion ABLEEa proposatu du Berantevillan. / AERNNOVA

Koronabirusaren ondorio ekonomikoak gero eta nabariagoak dira, eta apirileko datuen arabera, 1.955 langabetu gehiago daude Araban (%9,12ko igoera). Gainera, 28.112 arabar aldi baterako lan erregulazio espedienteen (ABLEE) eraginpean daude.

Guztira, 23.403 langabe daude une honetan Araban. Apirileko datuen arabera, koronabirusak eragindako krisialdiaren erdian, %9,12ko igoera eman da; hau da, 1.955 arabar gehiago daude langabezian. Horrez gain, 28.112 arabar daude ABLEEen eraginpean.

Gizarte Segurantzako afiliazio kopuruari dagokionez, Araban %2,4ko jaitsiera eman da; horrek esan nahi du 3.898 afiliatu gutxiago daudela.

Nahiz eta Arabako enpresa nagusiek jarduera industrialari berrekin dioten, krisialdiaren ondorioak pairatzen ari dira. Datozen hilabeteetan ezagutuko dugu ekonomiaren benetako egoera, baina dagoeneko ABLEEak eta bestelako neurriak hartzen ari dira hainbat enpresetan.

Aernnova: 282 langilerentzako ABLEEa

Aernnovak 448 langileetatik 282rentzako ABLEE bat planteatu du Berantevillako lantegian. Aeronautika enpresak aurkeztutako espedienteak 75 laneguneko iraupena izango luke, txandaka eta hilaren 18an hasita; hau da, urtea amaitu arte.

Pandemiaren ondorioz ekoizpena jaitsi egin dela argudiatu du zuzendaritzak, baina langileen ordezkariek "enplegua mantentzea eta lan-baldintza duinak" exijitu eta negoziatzeko prest daudela adierazi dute.

Michelin: ABLEE bat Espainiako lantegi guztietan

Pneumatikoen eskarien jaitsierak ekoizpena murriztera behartu du Michelin, eta, ondorioz, ABLEE berri bat negoziatzen ari da Espainian dituen fabrika guztietarako.

Martxoaren 16an ekoizpena gelditu behar izan zuen Michelinek, segurtasun neurriak bermatzea ezinezkoa zelako. Joan den apirilaren 13an, berriro ekin zion lanari, baina ezinbesteko kausagatik ezarritako ABLEEa apirilaren 30ean amaitu zen.

Espediente berriaren xehetasunak argitzeke daude, eta datozen asteetan jakingo dugu Gasteizko fabrikari nola eragingo liokeen.

Mercedes: abuztuan lanera

Mercedes-Benzek bigarren txanda ezarriko du datorren astelehenetik aurrera, eta hurrengoan, maiatzaren 18an, hiru txandekin berrekingo dio ohiko jarduerari. Aurreikuspenen arabera, 129.700 unitate (V eta Vito motako furgonetak) ekoitziko dira 2020an.

Horretarako, ekaineko eta uztaileko larunbatetan (uztailaren 25ean izan ezik) lan egitea proposatu du zuzendaritzak. Gainera, abuztu erdiko bi asteak aktibatzea ere proposatu du, "eskaerarik ez galtzeko"; Andre Maria Zuriaren astea, abuztuko azken astea eta iraileko lehen egunak libre geratuko lirateke.

Oraingoz mahaigainean aurreikuspenak eta proposamenak baino ez dauden arren, beste enpresa batzuek baino aurreikuspen baikorragoak ditu Mercedesek datozen hilabetetarako.

"Ziurgabetasun handia"

LAB sindikatuaren arabera, "ziurgabetasun handia dago enplegu horien jarraitutasunaren edo behin betiko iraungitzearen inguruan". Gainera, lan merkatuan "langabezia-tasa altuak, behin-behinekotasun handia eta langabezia-babes txikia" nagusi direla salatu du sindikatuak.

"Epe ertain eta luzera, ezinbestekoa da eredu ekonomiko eta soziala birbideratzea ekoizpen-egitura eraldatzeko, eta bizitza eta pertsonak erdigunean jartzeko", adierazi du LABek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago