Covid-ak sortutako krisiari "irtenbide ekologiko bat" ematearen alde agertu dira unibertsitateko 345 irakasle eta ikerlari. Euren ustez, ibilbide luzeko beste krisi batzuekin gertatu den bezala, irtenbide bakarra planetaren mugak errespetatzea da. "Gaur egungo egoerari buruz dugun ikuspegia plazaratzeko beharra sentitzen dugu, baita lan ildo batzuk proposatzekoa ere, iraganean egindako akats larriak berriro gerta ez daitezen eta etorkizun berri baten eraikuntzari modu egokian hel diezaiogun", azaldu dute ohar batean.
25 unibertsitate eta ikerketa-zentrotako (EHU-UPV, Mondragon Unibertsitatea, Deusto, UPNA, PAUko Unibertsitea - Baiona-Bordele, BC3- Basque Center for Climate Change, Stanford, Cambridge etab.) profesionalek egin dute bat. Besteak beste, Unai Pascualek, Eduardo Apodakak, Ixone Fernandez de Labastidak, Joseba Azkarragak, Unai Villalbak, Guiomar Perez de Nanclaresek eta Estitxu Villamorrek sinatu dute manifestua.
Eztabaida sozial zabala sustatu nahi dute, Euskal Herrian "etorkizun iraunkor eta inklusiboa" lortzeko ardatzei buruz argitaratutako manifestutik abiatuta. Holandako akademiarekin lotutako 170 pertsonek bermatutako antzeko ekimen bat izan dute oinarri. Norabide-aldaketa horri ekiteko, euren ustez, lehentasunezko bost ekintza-ildotan oinarritutako ekonomia ekologiko baterantz jo behar da.
Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkunde agregatuan oinarritutako garapen-eredua alde batera utzi behar da, euren ustez; "gizarte-ongizatea areagotzeko haz daitezkeen funtsezko sektoreak eta ingurumenean eragiten dituzten inpaktuengatik azkar murriztu behar direnak bereiziz, eta horretarako adierazle egokiak hartuz".
Muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatu behar direla uste dute. "Hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna lehenetsiz, hurrengo belaunaldientzat zor onartezin bat sortu ez dadin".
Manifestuaren arabera, gainera, ingurumen-fiskalitate progresiboa bultzatu behar da. "Kutsadura eta natura-baliabideen gehiegizko ustiapena albo batera uzteko, klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko, beharrezkoa den trantsizio ekologikoa finantzatzeko".
Gainera, nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea galdegin dute, agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko. "Lan-baldintza duinetan oinarritua, biodibertsitatearen kontserbazioa ziurtatuz eta elikagai jasangarrien eta tokiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatuz".
Eta, azkenik, azpiegitura handietan eta garraiobide jasanezinetan oinarritutako mugikortasun-eredua alde batera uztea proposatu dute. "Azpiegituretako inbertsio handiei luzamendu bat ezartzea, funtsezko zerbitzuak lehenesteko, motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa lehenetsiz".
Premiazko ekintza zorrotz batek lagundutako ikuspegi integralaren beharra azpimarratu dute, ekonomia ekologikoan oinarritutako Covid-19aren osteko mundua planifikatzeko, baita Euskal Herrian ere: "Ezin gara atzean gelditu. Kalkula ezineko kostua lukeen akats estrategikoa litzateke erronka hauei ez heltzea. Euskal Herriko etorkizun sozio-ekologikoarekin konprometituta gauden pertsonak garenez, uste dugu jarraibide horiek gizarte iraunkorragoa eta bidezkoagoa ekarriko dutela, balio positiboetan oinarrituta natura eta pertsona guztiak errespetatzeko pentsatuak daudelako. Etorkizuneko belaunaldientzat inbertsiorik onena dela sinetsita gaude".
Webgune honetan, manifestu osoa eta sinatzaileen zerrenda eskura daitezke.