Lidleko langileek "bidezko ordainsaria" eskatu dute lan gainkargagatik

Erredakzioa 2020ko mai. 1a, 10:17

Gasteizko Domingo Beltran kaleko LIDL supermerkatuko langileen mobilizazioa. / ELA

Ostegunean lanuzteak deitu zituen ELAk Hego Euskal Herriko Lidl denda guztietan. Arabako dendetako langileek ere ordu erdiko paroak egin zituzten, 12:00etan eta 17:00etan; erabateko jarraipena izan duela ziurtatu du sindikatuak.

ELA sindikatuaren arabera, elikadura-merkataritzaren plantillen egoera "kritikoa" da Covid-19aren krisia hasi zenetik, eta egunotan lana aurrera ateratzeko dendetan egiten ari diren "ahalegina eta gainkarga" aitortzea eta saritzea eskatu du.

Zentzu horretan, hainbat eskakizun egin dituzte Lidle supermerkatuetako langileek: "Segurtasun-neurri egokiagoak, edukiera kontrolatzeko eta bajak ordezteko langile gehiago kontratatzea, gehiegizko orduak aparteko ordu gisa ordaintzea, gehiegizko esfortzua konpentsatzeko atsedena hartzea eta Lidlek iragarritako konpentsazio-ordainsaria egokitzea" eskatu dute.

ELAk azaldu duenez, apirilaren 28an enpresarekin bildu ziren, eta enpresak adierazi zuen eremu guztietan neurriak hartzeko prest zegoela; baina 160 euroko konpentsazioa proposatu zien langileei, eta beste enpresa batzuekin konparatuta "askoz ere gutxiago" dela kritikatu dute langileen ordezkariek. "Barne-politikako arrazoiak" argudiatu ditu enpresak.

"Argi dago elikadura-enpresak onura handiak lortzen ari direla alarma-egoera horretan", salatu du ELAk, eta Hego Euskal Herriko plantillen lan baldintzak bertan negoziatzea eskatu du, ez estatu mailan: "Errealitatea eta indar sindikala desberdinak dira hemen".

ELAk mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du, Lidlek langileei "bidezko ordain duina eman arte".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago