Familiek paseatzeko baimena eta norbanakoek kirola bakarka egiteko aukera izango dute larunbatetik aurrera, baina pilaketak saihesteko ordutegi-tarteak ezarriko dituzte; Salvador Illa Osasun ministroak arratsaldean, 18:00ak aldera, jakinaraziko ditu ordutegien xehetasunak.
Hasiera batean agerraldia 11:00etan aurreikusita zegoen, baina arratsaldera atzeratu egin dute, Deseskaladarako Batzorde Teknikoaren goizeko bileraren ostean.
Arratsaldeko lehen orduan, Salvador Illak ibilaldiei buruz baieztatuko dituen xehetasun batzuk aurreratu ditu Cadena SER hedabideak; ordutegien eta bestelako xehetasunen inguruko informazioa 18:00etako agerraldian eskainiko du ministroak.
Bi pertsona, ordu bat eta kilometro bat
Helduek gehienez bi pertsonako ibilaldiak egin ahal izango dituzte, ordubetez eta kilometro bateko distantziarekin.
Cadena SER hedabidearen arabera, ordutegiari dagokionez mahai gainean dauden proposamenen artean honako hau dago: adineko pertsonak 09:00etatik 14:00etara irtetea, eta 14 urtetik beherakoak 16:00etatik 21:00etara; honen helburua bi kolektibo horien arteko harremana "ahalik eta gehien" saihestea litzateke.
Kirolarien kasuan, ordea, ez da mugarik ezarriko mugimenduen distantzian edo denboran, betiere udalerri barruan egiten bada.