ELAk azaldu duenez, martxoaren 15eko SND/232/2020 aginduan oinarrituta, Arabako Foru Aldundiak, Bizia Eguneko Zentroko langileak Zadorra foru egoitzara lanera bidali ditu, Covid-19aren osasun larrialdiaren ondorioz sortu diren beharrei erantzuteko. Martxotik, larri dauden adineko gaixoak artatzen dituzte bertan.
Nahiz eta langile horiek foru egoitzetako plantilla eta ekipo arruntak izatera pasatu diren, gainerako langileen egutegi eta ordutegi bera betetzen eta lan bera egiten, Zadorrako langileek jasotzen dutena baino "askoz ere gutxiago" kobratzen ari direla salatu dute.
Era berean, ELAk uste du adinekoen egoitzak kudeatzeko sistema "gaiztoa" dela, eta horren "arduradun nagusia" Aldundia dela. Halaber, egoitza pribatu zein hitzartuetako egoera nabarmendu dute: "Erabiltzaileek jasotzen duten arreta eta langileen lan baldintzek ez dute zerikusirik sare publikokoan ematen direnekin"; izan ere, egoitza horietako langileek estatuko hitzarmenaren arabera kobratzen dute.
Bestalde, sindikatuak gogorarazi du langile horiek foru egoitzetako plantilletan sartu diren momentutik, euren egutegiak, ordutegiak eta lanaldiak aldatu egin direla: "Askotan urratu egin zaie lana eta familia bateratzeko eskubidea"; bitartean, Aldundiari leporatu diote bere lan poltsetako behin-behineko langileak kontratatzeari utzi diola.
Aldundiarekin bilera
"Aldundiak bermatu behar du Bizia Eguneko Zentroko langileek Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) langileek adina kobratuko dutela, eta aurrez aldi baterako zerbitzuak ematen zituzten langileak lanera itzuliko direla", eskatu du ELA sindikatuak, eta beste edozein neurri "eskulan merkea eta prekarizatua" erabiltzea litzatekela salatu du, "osasun larrialdietarako ezarritako ezohiko neurriez baliatuta".
Gaur bertan, apirilaren 30ean, Arabako Foru Aldundiarekin bilduko dira sindikatuak, eta, besteak beste, egoera horiek bideratzea eskatuko diotela aurreratu dute. Gainera, Araban lurraldeko hitzarmen bat bultzatzeko baliabideak exijitu dituzte, "erakundeen betebeharra delako zaintzen gaituztenak zaintzea".