Koronabirusa

Konfinamendua Araban arindu nahi du Trebiñuk

Erredakzioa 2020ko api. 30a, 10:15

Trebiñuko alkateek egoera argitzeko eskatu dute. PHOT.OK

Argantzongo eta Trebiñuko Konderriko alkateek zentzuz jokatzeko eskatu dute, mugikortasunean arazoak ekiditeko.

"Bizilagunak oso kezkatuta daude iragarpena egin zenetik. Gobernuaren behin betiko erantzun zehatza behar dugu". Enrique Barbadillo Trebiñuko Konderriko alkateak adierazi du Madrilgo gobernuak ez duela azaldu oraindik nola jokatu behar den Trebiñu bezalako egoeretan. Barbadilloren arabera, "zentzuzkoena da Arabarekin konfinamendua arintzea, bertan kokatuta gaudelako eta gure erreferentzia delako". Gainera, Konderriko alkateak argitu duen bezala, Covid-19 kasu gutxi izan dituzte eskualdean, eta Gasteizko ospitaleetan tratatu dira, "ezin zitekeen bestela izan".

Alkateak dagoeneko zalantzak helarazi dizkio Espainiako Gobernuari, EAJko talde parlamentarioaren bitartez. "Kontua da erabakia hain zorrotza bada, gure kokagunetik irteteak zigorrak ekar ditzakeela, eta, beraz, zalantza hori uxatzeko nola egin behar den argitu behar dute", esan du.

Arazoak mugikortasunean

Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok ildo beretik jo du, eta zentzuz jokatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Logikoena litzateke konfinamendua Araban arintzeko erabakia hartzea, baina une honetan zain gaude ea zer erabakitzen duten", adierazi dio ALEAri; eta berretsi du herriko jendea kezkatuta dagoela sortuko den egoerarekin. EH Bilduk ere Espainiako Kongresuan egoera argitzeko eskatu duela esan du alkateak.

Ortiz de Latierrok azaldu duenez, gaur goizean bertan herriko medikuarekin hitz egin du, eta osasun arreta orain arte bezala bermatuta izango dute, Osakidetzaren bidez. Halaber, erosketak egiteko edo lanera joateko Gasteiza joan ahalko dira trebiñarrak. Arazoak mugikortasunaren ikuspuntutik izango lituzkete. "Burgosera, ehun kilometrora joan gaitezke eta Gasteizera hamazazpi kilometrora ez? Ez du zentzurik. Eta Bastidara, Oionera edo Zanbranara joan nahi diren gasteiztarrak hemendik pasatu beharko dira; nola egingo dute?".

Madrilek irizpidea aldatzen ez badu, arazoak izango dituzte ere Trebiñun bigarren etxebizitza edo baratzak dituzten gasteiztar  ugarik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago