#NikEtxeanEsperimentuak ekimena sortu du Elhuyarrek Covid-19aren eraginez etxean isolamenduan egoteko egunak arintzeko, eta, bide batez, zientziaren inguruko kontzeptu desberdinak modu dibertigarrian familiartean ikasteko. Horren haritik, datorren maiatzaren 4tik aurrera, astelehenetik ostegunera erronkak eta ostiralean ikertzaile gazte batekin solasaldia proposatu ditu.
Batez ere, 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak izango dira. Eta familian zientzia eta teknologia jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak haur txikiagoekin ere erronkak egitera gonbidatu nahi ditu Elhuyarrek.
Irudimena eta neuronak astinduko dituzte erronkek: "mezu sekretuak" desenkriptatu eta enkriptatu, hologramak sortu, barazkietan dauden margoak erauzi, motorrik gabeko hegazkinak eraiki, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin edo txorientzako jantokiak egitetik, txoriak identifikatzera edo naturan denbora errealean ikustera bideratuko dira, besteak beste, gazteak. Den- denak etxean dauden baliabideak erabiliz eta etxetik bertatik gauzatu ahalko dira esperimentuak.
Esperimentu guztiak etxean dauden baliabideak erabiliz egin ahalko dituzte.
Gainera, plan berezia proposatu dute ostiraletarako. Izan ere, bizitza errealean zientziaren eta teknologiaren munduan lanean ari den ikertzaile batekin egingo da hitzordua, ikertzailea bera eta bere jarduna gertutik ezagutzeko.
Maitane Alonso Monasterio medikuntza-ikasle gaztea eta ekintzailea; Itziar Garate Lopez beste planetetako atmosferak ikertzen dituen astrofisikaria; Naima El Bani Altuna Artikoan klima- aldaketaren ikerketan dabilen ikertzaile bilbotarra; eta Lorea Argarate Zubia telekomunikazio-ingeniaria, musikaria eta Big Dataren apasionatua izango dira elkarrizketatuak.
Elhuyarren Bizilaberen webgunean (https://bizilabe. elhuyar.eus) egongo dira ikusgai eduki guztiak, eta hilabete osorako plana zein den jasoko da bertan apirilaren 30ean.