Asteartean, Normaltasun Berri Baterako Trantsizio Plana onartu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak.
Prozesua asimetrikoa izango da, eta lau fase izango ditu; probintziak fase bakoitzera batzen joango dira Covid-19aren bilakaera-adierazleen arabera. Fase bakoitzak bi asteko iraupena izango du gutxienez, SARS-CoV-2 birusaren batez besteko inkubazio-epea.
Nolanahi ere, prozesua maiatzaren 4an hasiko da, eta, aurreikuspenen arabera, sei eta zortzi aste artean beharko dira Espainiako estatu osoan erabat garatzeko; gutxi gorabehera, ekainaren 22ra arte. "Normaltasun berria lortzea da helburua, txertorik aurkitu arte", adierazi du Sanchezek.
Dena dela, Sanchezek ohartarazi du ez dagoela egutegi itxi eta uniformerik: "Epidemiaren kontrolak eta osasunaren kontrolak ahalbidetzen duten abiaduran egingo dugu aurrera", azaldu du.
0 FASEA: Prestakuntza
- Arintze-neurriak.
- Dagoeneko onartuta dauden haurren irteerak.
- Maiatzaren 2tik aurrera, ariketa fisikoa egiteko baimena: korrika, bizikleta eta ibilaldiak.
- Negozio batzuk irekiko dira: adibidez, aurretiko hitzordua duten lokalak edo etxera eramateko janari-zerbitzua duten jatetxeak irekiz.
1. FASEA: Hasierako fasea / Maiatzaren 11tik aurrera
- Jarduera batzuen hasiera partziala.
- Saltokiak berriro irekitzea, "segurtasun-baldintza zorrotzetan".
- Salbuespena: merkataritza-parke handiak, aglomerazioak saihesteko.
- Ostalaritzan: terrazak ireki ahal izango dira, %30eko mugarekin.
- Hotelak eta ostatu turistikoak irekitzeko baimena; eremu komunak salbu.
- Irekiera horiek 65 urtetik gorako pertsonentzako "lehentasunezko ordutegia" izango dute.
- Nekazaritza eta arrantzaren sektoreek jarduerari berrekingo diote.
- Gurtzarako guneak irekiko dira, edukiera heren batera mugatuta.
- Errendimendu handiko kirol-jarduerei berrekingo zaie; "posible bada", liga profesionaletako entrenamenduak hasiko dira.
- Maskarak erabiltzea "oso gomendagarria" izango da garraio publikoan.
2. FASEA: Tarteko fasea / Maiatzaren 25etik aurrera
- Ostalaritza-lokalak ireki ahal izango dira, betiere edukiera kontrolatuz.
- 6 urtetik beherako ikasleen jarduera berreskuratzeko aukera irekiko da eskoletan, gurasoei aurrez aurreko lanetara itzultzeko aukera emateko.
- Unibertsitatera sartzeko proba egin ahal izango da.
- Zinemak, antzokiak eta beste aisialdi-jarduera batzuk berriro martxan jarriko dira, aforoa heren batera mugatuta.
- Kultur ekitaldiak esparru itxietan: 50 pertsona baino gutxiago eta aforoa heren batera mugatuta.
- Kultur ekitaldiak esparru irekietan: 400 pertsona baino gutxiago biltzen direnean, eserita.
3. FASEA: Fase aurreratua / Ekainaren 8tik aurrera
- Mugikortasun-murrizketak leuntzen joango dira.
- %50eko edukiera bi metroko distantzia fisikoa ahalbidetzen duen merkataritza-jardueretan.
Pedro Sanchezek ez du gehiegi zehaztu nahi izan 3. fasearen xehetasunak; beraz, fase bakoitzaren bilakaeraren arabera xehetasun gehiago ezagutuko direla aurreikusi daiteke. Alarma egoera ekainaren 22ra arte luzatuko dela aurreikusi du Espainiako Gobernuak.
Bestalde, ikasturtea irailean hasiko da ikasle gehienentzat, eta telelana posible den leku guztietan mantenduko da ekainaren erdialdera arte.