Modu birtualean eskainiko dituzte 'Poetak maiatzean' jaialdiko jarduerak

Erredakzioa 2020ko mai. 4a, 11:28
Zortzigarren edizioa berezia izango da, etxetik eskaini beharko baitituzte ekintzak.

Koronabirusaren eragina nazioarteko poesia jaialdira ere iritsi da, eta internet bidez elkarbanatuko dituzte ekintza guztiak; jaialdiaren webgunean eta sare sozialetan izango dira ikusgai.

Maiatzaren 8tik 30era izango da Poetak Maiatzean jaialdiaren aurtengo edizioa, eta itxuraldatuta dator ezinbestean. Izan ere, koronabirusaren pandemia dela eta, kaleak hustu eta interneten programatu behar izan dituzte jarduerak.

Zortzigarren edizio honetan, besteak beste, errezitaldiak, kontzertuak, lantegiak, performanceak eta ipuin kontalariak izango dira. Esan bezala, internet bidez jarraitu ahal izango dira bai zuzenean, jaialdiaren webgunean jarriko diren bideoen bidez, bai sare sozialetan: Instagram, Facebook eta Youtube.

Hunkitu Arte elkarteak antolatu eta Elisa Rueda poetak sortutako eta zuzendutako jaialdiak Gasteizen eta Araban poesiari zabalkundea emateko asmoa du, gizartearen maila guztietara hurbiltzeko: “Jaialdiak, poesia kaleetara eramateaz gain, gizartearen inplikazioa lortu nahi du, eta, une hauetan, uste dugu garrantzitsua dela ilusioari eustea. Poesiak elkartu egiten gaitu”.

Emakume poeteei ere leku berezia eskaini nahi izan diete aurten, eta maiatzaren 10etik 16ra bitartean nagusi izango dira, besteak beste, Itziar Rekaldek, Marta Extramianak, Inma Arroyok edo Sorginenea etxe feministak prestatutako ekintzak.

Modu birtualean bada ere, Arabako herrietara ere zabalduko da poesia jaialdia aurten. Tartean, Agurain, Oion, Gesaltza Añana eta Maeztu herriek parte hartuko dute.

Zortzi urte hauetan, ugari zian dira jaialdia dela eta hirira etorri izan diren poetak: besteak beste, Paco Ibáñez, Pepe Viyuela, Concha Garcia, Chary Gumeta, Raquel Lanseros, Marwan, Juan Perro eta hil honetan zendu den Luis Eduardo Aute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide