Koronabirusa

Salbuespen egoeran, etxez etxeko jaiak

Anakoz Amenabar 2020ko api. 27a, 07:40

Aurten ez da bisitarik izango Armentiako zelaietan. /E. Anda

Oztopoak oztopo, Arabako Foru Aldundiak herritarrak animatu ditu San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren jaiak ospatzera; modu birtualean gastronomia txokoan perretxikoak prestatu edota balkoietako danborradaz gozatzeko deia egin du, pandemiak utzitako biktimak gogoratzearekin batera.

Koronabirusak aurtengo San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak ere kutsatu ditu, eta ez da ohiko ospakizunik izango. Ez, behintzat, Probintzia plazako eskaileretan eta Armentiako zelaietan. Danborradarrik ez da entzungo kale bazterretan, baina ospakizunaren arrastorik ez da faltako Arabako jai nagusietan. Ziurrenik, gastronomia txokoetako perretxiko eta barraskilo kazolak etxeetan prestatuko dira, eta danbor hotsak, berriz, leihoetatik zabaldu. Eta urteroko hitzorduekin zerikusi gutxi izango duten arren, data hauek nabarmendu nahi izan ditu Arabako Aldundiak, eta hainbat jarduera prestatu ditu. Gainera, dolua erakusteko keinu gisa banderak haga erdian jarriko dituzte foru eta udal eraikinetan, orain arte gaixotasunak Araban utzi dituen hildakoengatik.

Salbuespen egoera honetan, Arabako jaiak etxez etxe lelopean,  telebistak, internetek eta sare sozialek hartuko dute kaleek zuten protagonismoa. Hala, besteak beste, San Prudentzio bezperan, Euskal Telebistak saio berezia eskainiko du Arabako jaien inguruan. Gainera, Arabako ahaldun nagusiak hitzaldia eskainiko du jaia igarotzeko animoak eman, eta, aldi berean, pandemiak utzitako biktimak gogoratzeko. Hitzaldi hori tokiko hedabideek ere zabalduko dute Aldundiak banatutako beste bideo batzuekin; Arabako Ilusionisten Elkarteko mago batek parte hartuko du bideoetan, sukaldari batek perretxikoak eta barraskiloak prestatuko ditu txoko batean, eta bideo berezi bat ere izango da pregoi birtualarekin, azken urteotan pregoilari izan direnen hitzak jasoko dituena. "Hitz horien bidez beren etxeetatik animo mezua zabalduko dute, baikor izateko eta jai bitxi hauek bizitzeko", azaldu du Ana del Val kultura zinegotziak. 

Ohiko danborraden faltan, danbor hotsak lurralde osora barreiatuko dira leiho eta balkoietatik antolatu dituzten herri danborradekin. Hala, Gasteizko danborradaren antolatzaileek Batera zaintza sare herritarrarekin egin dute bat, eta tailer eta entsegu telematikoak ari dira jarraitzen. Lehenengo danbor hotsak San Prudentzio bezperan entzungo dira, 20:30etik aurrera.   

Amurrion eta Laudion, baita ere, joan den astean hasi ziren entseguak, eta Udalek beren webgunean argitaratu dituzte argibideak musika ez dakiten herritarrek ere parte har dezaten. Igandera arte luzatuko dira entseguak, eta San Prudentzio bezperan deitu dute danborrada balkoietan, 20:05ean, osasun langileen omenezko txalo zaparradaren ostean. "Badakigu ez dela gauza bera izango, baina San Prudentzio ospatzeko modu bat da eta, aldi berean, ezkutuko ilusioei eta itxaropenei eusten diegu, ekitaldi horiek herria are gehiago lotzen baitute une zail hauetan", azaldu du Maite Cortazar Laudioko kultur zinegotziak Aiaraldea Gaur atarian. Aiaran ere, San Prudentzio jaiak bertan behera utzi dituzte, baina balkoietan izango dute danborrada; apirilaren 28an, 13:00etan.

Arintze-neurriak

Ospakizun txikiak etxealdia arintzeko baliagarri izan daitezke. Izan ere, alarma luzapen berriarekin maiatzaren 9arte jarraituko du etxealdiak. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, halere, luzapen berrian konfinamenduan arintze-neurri berriak izango dira, 14 urtetik beherakoak heldu batekin paseatzea baimentzeko erabakiaz gainera. Luzapen horrekin, "konfinamendu arauak deseskalatzen hasiko dira".

Dena den, konfinamendu neurrien arintze guztiak "zuhurtziaz" lagunduta joan beharko duela ohartarazi du, epidemiaren bilakaeraren arabera, "aurrerapausoak" edo "atzerapausoak" izan daitezkeelako. Etorriko diren gorabeherei adi, ordea, egunotan ospakizunei tartea egingo diete arabarrek, birtualki bada ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago