Gaurtik aurrera, konfinamendua aurrekoetan baino malguagoa izango da, eta gurasoek adingabeekin kalera irten ahal izango dute, baldintza berezietan. Arrazoi horregatik, eta azken asteetan bizitako isolamendu egoeran izandako jarrera eskertu nahirik, haurrei mezua bidali nahi izan diete osasun arloko zenbait langilek.
Esker mezua, Modus Operandi taldearen 'Gora bihotzak' abestia oinarri hartuta, grabatutako bideokliparen bitartez zabaldu dute zerbitzu ezberdinetako langileek.
Arabako ESIko Pediatria Zerbitzuak, Pediatria Larrialdi zerbitzuak, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Kudeaketa Sanitario Unitateak eta 'Express Your Clown' Ospitaleko Pailazoak taldeak parte hartu dute bideoan.