Apdeman koronabirusa duten langileak lanean ari direla salatu dute

Erredakzioa 2020ko api. 25a, 08:26

Apdemak jarduteko protokolorik ezarri ez duela salatu dute langileek. / Apdema

Diputazioak eta Apdemak abian jarritako neurriak nahikoak ez direla azpimarratu dute, eta elkarteko langile guztiei proba egitea eskatu dute.

Osasun krisiaren hasieratik "prebentziozko neurri eraginkorrak" eskatu dituela nabarmendu du Adimen Ezintasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkarteko (Apdema) enpresa batzordeak, eta, aldiz, Diputazioak eta Apdemak berak "entzungor" egin dutela salatu dute langileek. 

Enpresa batzordearen arabera, Diputazioaren erabakiak "berandu" iritsi ziren, eta "ez dira nahikoak" izan. Gaur egun ez da isolamendua bermatzen, langileek salatu dutenez, "iragarritako baliabideak ere oraindik ez dira gaitu (Ehari) eta Covid-19 gaixotasunaren probak modu puntual eta deskoordinatuan egiten ari dira".

Aldundiak eta Apdemak ez dutela jarduteko protokolorik ezarri berretsi dute, eta horrek gaixotasuna sektorean zabaltzea eragin duela. "Arduragabekeria horren eta neurririk ez hartzearen ondorioz, Covid-19 gaixotasuna duten langileak beren lanpostuetara itzuli dira bigarren probarik egin gabe".  Atzo bertan jakin zuten langile horietako batzuk ez direla sendatu, aste honetan bigarren proba egin ondoren, baina momentu honetan lanean ari dira.

Egoera "oso larria" dela uste dute, eta hainbat neurri eskatu dizkiote GOFEri eta Apdemari: elkarteko langile guztiei proba egitea, eta langile bat ere ez itzultzea emaitza negatiborik izan gabe; lanera itzuli ondoren, berriro ere positibo eman duten langileekin harremana izan duten langile eta erabiltzaile guztiei proba berriro egitea; eta berriro positibo eman duten langileekin harreman zuzena izan duten pertsonek koarentena egitea; azkenik, serologia-proba langile guztiei egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide