Osasun-agintariek darabiltzaten hipotesien arabera, uztailean kutsatzeko arriskua txikiagoa izango dela uste du lehendakariak, eta udazkenean "susperraldi" bat gertatuko den beldur da.
Horrekin batera, "krisiaren sakontasuna kontuan hartuta", lehendakariak ohartarazi du komeni dela "lehenbailehen" Legebiltzarra erabat eratuta egotea eta funtzio osoko Gobernua izatea.
Iragarri duenez, datorren ostegunean, apirilaren 30ean, alderdi politikoen mahaia deituko du, Osasun Larrialdi Adierazpenaren bilakaera ebaluatzeko eta "hiru hilabeteko epean, abuztua baino lehen, euskal hauteskunde autonomikoak deitzeko aukera aztertzeko".
Maiatzaren 15etik aurrera: dendak eta ile-apaindegiak
Legebiltzarrean hitz egin du gaur lehendakariak, eta maiatzaren bigarren hamabostalditik aurrera denda txikiak "modu mugatuan" irekitzea nahi duela adierazi du: "Ile-apaindegiak barne, baina ez tabernak, jatetxeak edota aisialdirako lokalak".
Urkulluren hitzetan, "birusaren bilakaera kontuan hartuta" hartu beharko litzateke erabaki hori; kultur etxe, antzoki eta museoak irekitzea ere ekar lezake, betiere gutxieneko distantziak eta espazioen edukierako mugak errespetatuz.
Halere, Pedro Sanchezek aste honetan bertan lortu du alarma egoera maiatzaren 10era arte luzatzea, eta baliteke luzapen gehiago ere eskatzea. Alarma egoerak indarrean jarraitzen badu, agintaritza bakarrak Espainiako Gobernuko presidentearen esku jarraituko luke.