Bihar hasiko da ramadan hilabetea, eta Gasteizko harrera zentroetan espazio eta zerbitzuak egokituko dituzte erabiliko dituzten musulmanentzat. Alarma egoerarekin, mugikortasunarekin eta osasun-segurtasunarekin lotutako neurriak ezarri behar dira, eta hainbat aldaketa izango dira Udalaren harrera zentroetan.
Espazio komunak berrantolatzea segurtasun-distantziak bermatzeko. Gainera, musulmanen kulturako egoki diren elikagaien hornikuntza planifikatu dute, Udaletik azaldu dutenez. "Ordutegiak planifikatu ditugu, barau eta otoitz egiteko, atseden hartzeko eta ilunabarretik egunsentira arte jateko bide emateko moduan".
Aterpe, Etxe Irekia eta Arkupeak zentroetan hartuko dira neurri horiek guztiak, baita Udalaren aterpetxean (CMAS) ere. Lakuako pilotalekuan egokitutako harrera zentroan 15 erabiltzailek adierazi dute ramadana betetzeko asmoa, eta horiek garai bateko Pio Baroja ikastetxeko gimnasiora aldatuko dira, egun hauetarako prestatutako gunera.
Era berean, erabiltzaile musulmanen ordezkari bat solaskide gisa arituko da udal arduradunekin, berrikusi edo aldatu beharreko konturik sortzen bada. Harrera zentroetako teknikariek egindako kontsulten arabera, 142 erabiltzaileen arteko 52k beteko dute ramadana.