Koronabirusa

Haurrak kalera, ordubetez eta heldu batek lagunduta

Erredakzioa 2020ko api. 23a, 13:41

Umeak Gasteizko parke batean jolasten, alarma egoera ezarri aurretik. / ALEA

Sei asteren ostean, apirilaren 26tik aurrera -igandea barne- haurrak kalera ateratzea baimendu du Espainiako Gobernuak, baldintza batzuekin: ordubetez, gehienez etxetik kilometro batera eta heldu batek lagunduta.

44 kasu positibo berriekin, guztira 3.410 kasu positibo daude Araban: 3.368 Lurralde Historikoan eta 42 Trebiñun. Horrez gain, bi pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan, eta dagoeneko 327 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik.

Une honetan 143 pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaletan. Arabako Unibertsitate Ospitalean 112ra jaitsi da koronabirusaren ondorioz ingresatutako lagunen kopurua; horietatik, 92 daude solairuetan eta 20 ZIUn. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 31 lagun artatzen ari dira.

Bitartean, 10 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste pertsona bat atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.

Guztira, 498 test egin dira astelehenean Araban: horietako 455 negatiboak izan dira; hau da, egindako test guztien %91 baino gehiago. Hau da, oro har gero eta test gehiago egiten ari dira, eta, aldi berean, askoz emaitza negatibo gehiago ematen ari dira positiboak baino.

[GRAFIKO INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta

 

Haurrak kalera: noiz eta nola?

Apirilaren 2t6ik aurrera 14 urtetik beherako haurrak kalera ateratzea baimendu du Espainiako Gobernuak. Ostegun goizean, Osasun Ministro Salvador Illak eta Pablo Iglesias presidenteordeak azaldu dituzte "deseskalatze fasearen" atarian hartutako neurriaren nondik norakoak:

  1. Egunean behin bakarrik.
  2. Ordubetez, 9:00etatik 21:00etara.
  3. Etxetik kilometro batera, gehienez.
  4. Heldu batek lagunduta atera ahal izango dira.
  5. Heldu bakoitzak gehienez hiru haur eraman ahal izango ditu.
  6. Pilota bat, patinetea, bizikleta eta beste jostailu batzuk eraman ahal izango dituzte.
  7. Ariketa fisikoa egitea baimenduta egongo da.
  8. Landa eremuan, landara irten edo basotik paseatzera joan ahal izango dira.
  9. Debekatuta dago parkera joatea edo jostailuak partekatzea.
  10. Interakziorik ezin izango dute izan beraiekin konfinatuta egon ez diren adingabeekin.

Horrez gain, gutxieneko distantzia mantentzea eta maskara erabiltzea gomendatu du; eta irteera bakoitzaren aurretik eta ondoren eskuak garbitzea "ezinbestekoa" dela ohartarazi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago