Pertsiana noiz altxatuko zain dago Marta Martinez (Gasteiz, 1970) Mara-Mara liburu-dendako jabea, itxialdiaren aurreko jardueretara bueltatzea nekeza izango dela badakien arren. Izan ere, ohiko liburu erakusleihoa izatearekin batera, liburu aurkezpenek, haur eta helduentzako literatur klubek, udalekuek edota ipuin-kontalariek ere betetzen dute hiriburuko San Frantzisko kaleko txoko honetako egunerokoa. Liburuaren Eguna ere, ordea, etxeko liburuen artean pasa beharko du aurten.
Garrantzitsua da Liburuaren Eguna saltzaileentzat?
Bai, bada. Nire kasuan laukoiztu egiten dira salmentak; oso garrantzitsua da. Egun hori beste egun batera pasako dutela aipatu dute, baina ez naiz gehiegi fio aldaketa horiekin, ez dakit berdin funtzionatuko duen.
Nolako giroa sumatzen duzu liburu saltzaileen artean?
Beldur handia dago, eta denak ari gara honi nola aurre egin pentsatzen, bonuen bitartez edo etxez etxeko banaketarekin... Baina, aldi berean, beste hots batzuk ere heltzen zaizkigu, sare sozialetan babes izugarria jasotzen ari dira liburu-dendak, eta horrek konfiantza ematen dit aurrera begira.
Itxialdiari aurre egiteko zer neurri jarri duzu martxan?
"Antidoto-txartela" izeneko 40 euroko bonua atera dut. Momentuz, birtuala. Ez dut dirurik bildu oraindik, ziurrenik ez delako momenturik onena askorentzat, eta ez dut inor presionatu nahi. Badakit alderantziz egiten ari direla beste asko, eta dirua jasotzen direla, egia baita orain behar dela bultzada hori, baina uste dut gero ere beharko dugula. Jendeak mezu bat bidaltzen dit telefonoz edota sare sozialen bitartez, eta nik euren izena hartzen dut; eta liburu-denda irekitzen dudanean, bonua jaso, ordaindu eta disfrutatzeko aukera izango dute. 40 euro nahi duten horretan gastatzeko bonua, eta, horrekin batera, izena eman duten guztien artean saski "literario" bat zozketatuko dut.
Liburuak banatzeko aukera aztertu zenuen?
Hasieran banatzen hasi nintzen, baina beldurra nuen kalean udaltzainek isuna jarriko zidaten eta azkenean negozioa egingo nuen. Eta, era berean, kezka morala izan nuen. Eta bidaltzeagatik norbait izorratzen badut? Eta berdin nik bidalitako banatzaile batek. Azkenean pertsiana erabat ixtea erabaki nuen, eta egunerokora bueltatzen garenean indarrez bueltatuko gara.
Noiz izango da hori?
Ideiarik ez daukat. Zurrumurru asko dago, Alemanian eta Italian ere ireki dituzte dendak... laster izatea espero dut. Beharrezko neurriak hartzen baditugu, uste dut ez dagoela arazorik; banan-banan sartu, eta xaboi, maskara eta eskularruak jarrita. Egun normal batean niri ez zaizkit bezeroak pilatzen atean kar kar, eta gainera egun hauetan pazientzia ondo erakutsi dugu eta ilaran egon behar bada ez dago arazorik. Espero dut laster ireki ahal izatea, benetan gaizki pasatzen ari garelako. Ez dirudi tarte luzea izan denik, baina diru-sarrerarik ez izatea...
Eta, aldiz, argitaletxei ordaindu behar diezue?
Bai, noski. Eta fakturak berdin heltzen dira. Martxoa eta apirila gainera hilabete bereziki zailak dira gabonetako fakturak heltzen direlako... dena batera heltzen da, eta ez da erraza.
"Uste dut saltoki txiki eta independenteetan erosi ohi duen jendeak horietan egiten jarraituko duela gero ere"
Itxialdi honek arriskuan jar dezake denda?
Bai, noski arriskuan jar dezakeela. Erakundeen aldetik izan daitezkeen laguntza guztiera jo dut, baina hurrengo hilabeteetako erantzunaren zain nago, eta itxaropentsu; burugogorra naiz, eta beharbada inuzentea ere bai. Ez dut amore emango, eta ikusi nahi dut zein den erantzuna eta nola moldatzen naizen; erakundeen aldetik kulturarako nolako laguntza izango den ere jakin nahi dut. Borrokatzen jarraitu nahi dut. Oso egoera txarra ikusi behar dut pertsiana behin betiko ixteko; oso proiektu pertsonala da, eta uste dut oraindik ibilbide oparoa izan dezakeela.
Bien bitartean, inoizko liburu salmenta handiena izaten ari dira enpresa handiak.
Beste liga bat da hori. Ezin da alderatu, eta gutxi egin dezakegu horren kontra. Halere, uste dut, saltoki txiki eta independenteetan erosi ohi duen jendeak horietan egiten jarraituko duela gero ere. Uste dut jende hori zain dagoela eta horrek konfiantza eta ilusioa ematen du. Nik txartelekin nabaritu dut. Joan den astean jarri nuen martxan bonuen aukera eta lagun pila batek eman dute izena; gero horietatik guztiak agertuko ez badira ere, egoera aldatzen doalako, orain dudan poza eta indarra sekulakoa da. Denda indarberrituta irekiko dudala uste dut.
Asko irakurri duzu aste hauetan?
Bai, pila bat. Uste nuen ez nuela lortuko kontzentratzea, egun hauetan kezka asko ditugulakoa buruan, baina asko ari naiz irakurtzen. Eta deskrubimentu politen bat ere bai; Galiziako Juan Tallon idazlearen Rewind eleberria, esaterako, asko gustatu zait.