Koronabirusa

Ikasturte amaierako plana aurkeztu du Hezkuntza Sailak

Erredakzioa 2020ko api. 22a, 16:12

Hezkuntza Sailak asteazken eguerdian egindako agerraldian aurkeztu du plana. / IREKIA

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen ikasturte amaierako planaren arabera, osasun egoerak ahalbidetuko balu, Bigarren Hezkuntzako 4. mailatik aurrerako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzuliko lirateke.

Ikasle guztiek gainditzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak, eta Hezkuntza Sailaren aurreikuspenen arabera, DBHko 4. mailan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan aurrez aurreko eskoletara itzuliko lirateke ikasturtea amaitu baino lehen; ez, ordea, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Hori bai, Cristina Uriarte sailburuak azpimarratu duenez, ikasleak Osasun Sailak baimentzen duen kasuetan eta Osasun arduradunek ezartzen dituzten baldintzetan itzuliko lirateke klasera. Zaila izango dela onartu du Uriartek, baina ez du aukera hori baztertu.

Halaber, sailburuak adierazi du ikastetxeek lehen bi ebaluazioak kontuan hartuko dituztela ikasleak kalifikatzeko, baina ikastetxe bakoitzak askatasuna izango duela azken hiruhilekoan ikasgaiekin jarraitzeko eta eduki berri horiek aztertzeko.

Nolanahi ere, azken asteetako online eskolek nota hobetzeko baino ez dute balio. "Ikasleek ez dute ikasturtea galduko pandemiaren ondorioengatik", berretsi du Hezkuntza sailburuak. Hortaz, errepikapenak justifikatu beharko dira Hezkuntza Ikuskaritzak egiaztatuko duen txosten zehatz baten bitartez.

Ikasturtea ekainean amaituko da, baina udan zehar ikasleei errefortzu lanak agintzea gomendatu du. 2020-21 ikasturteari dagokionez, Uriartek esan du irailean aurreikusitako egunetan itzuliko direla eskoletara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago