Dagoeneko 325 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; bi pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.
Une honetan 150 pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaletan. Arabako Unibertsitate Ospitalean 119ra jaitsi da koronabirusaren ondorioz ingresatutako lagunen kopurua; horietatik, 98 daude solairuetan eta 21 ZIUn. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 31 lagun artatzen ari dira.
Bitartean, 17 alta gehiago egon dira azken orduetan -horietako bat Leza ospitalean-, eta beste lau pertsona atera dira ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
Guztira, 592 test egin dira astelehenean Araban: horietako 562 negatiboak izan dira; hau da, egindako test guztien %95. Hau da, oro har gero eta test gehiago egiten ari dira, eta, aldi berean, emaitza negatibo gehiago ematen ari dira positiboak baino.
Osakidetzak PCR testak eta antigorputzen proba azkarrak egiten ditu; egunotan Arabako ESIko osasun langileei testak egiten hasi dira, Covid-19 positibo diren pazienteekin kontaktua izan dutenekin hasita.
[GRAFIKO INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta
Umeak kalera apirilaren 27tik aurrera
14 urtetik beherako haurrek ibilaldi laburrak egin ahal izango dituzte apirilaren 27tik aurrera. Osasun ministro Salvador Illak astearte arratsaldean baieztatu duenez, datorren igandean baimenduko du Espainiako Gobernuak.
Datozen egunetan arautuko da baimendutako gehieneko distantzia eta denbora; nolanahi ere, umeek ezin izango dute parkera jolastera joan edo beste haurrekin harremanetan egon.
Horrez gain, hirugarren aldiz alarma egoera luzatzea onartuko du gaur Espainiako Kongresuak; maiatzaren 9ra arte luzatuko da, oraingoz. Pedro Sanchezen hitzetan, "normaltasun berria" maiatzaren bigarren hamabostaldian iritsiko da.
Konfinamendua bost aldiz ez betetzeagatik atxilotuta
Udaltzaingoak 39 urteko gizonezkoa atxilotu du asteartean, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia larria egiteagatik; izan ere, bost aldiz urratu du konfinamendua.
13:00ak aldera, Euskaltzaindia plazan, patruila batek "justifikatutako arrazoirik gabe" topatu zuen banku batean eserita, autobus-geltokiaren alboan.
Dokumentazioa aztertzean, udaltzainek egiaztatu zuten alarma-egoeraren dekretua hausten zuen bosgarren aldia zela; beraz, atxilotu eta Agirrelandako bulegoetara eraman zuten. Asteazken goizean geratu da epailearen esku.