Jolas proposamenak

Txapen lasterketa

Erredakzioa 2020ko api. 22a, 11:00

Txapen lasterketa egiteko proposamena.

Jolas honen helburua, izenak dioen bezala, txapa batzuen bitartez lasterketa bat egitean datza. Jarduera ludiko eta trebetasunezko zirkuitu jokoa da.

Partaide kopurua: ez dago partaide mugarik, nahi beste lagunek jolas dezakete.

Materiala:

  • Txapak
  • Papera

Espazioa: etxeko edozein gelatan jolastu daiteke.

Nola jolasten da?

  1. Jokalari bakoitzak txapa bat edukiko du eta ibilbide batean lasterketa egingo dute.
  2. Ibilbidea lurrean markatu behar da. Ibilbidean zehar oztopoak jarri eta margotu daitezke. Txapak paperakin bete daitezke, pisu gehiago izan dezaten eta hobeto gidatu ahal izateko.
  3. Helburua ibilbideko helmugara lehenengoa iristea da. Horretarako, jokalari bakoitzak, txandaka, hatzekin bere txapari joko dio.
  4. Txapa ezin da markatutako ibilbidetik atera. Ateraz gero, atzera itzuli beharko du; hau da, txapa horren jabeak bota duen tokira itzuliko du bere txapa. Ibilbidearen marra gainean geratzea onartuta dago. Beste jokalarien txapak kolpatzea onartuta dago, baina besteen txapak ibilbidetik ateraz gero, atzera tokira itzuli behar da.
  5. Helmugatik lehen pasatzen den txapa izango da irabazlea.

Aldaerak:

  • Arauak zorroztu daitezke; esaterako, ibilbidetik ateraz gero, berriro hasierara itzuli behar dela adostu. Horrela luzeago joko du jolasak. Horretarako komenigarria da ibilbidea zabalago eta errazago egitea, bestela nahiko zaila izango baita helmugara iristea.
  • Txapen lasterketa bakarka ere egin daiteke: jokalariak txapa bat baino gehiagorekin jolastuko du, eta banan-banan joko die. Txapa bakoitzari txirrindulari baten izena jar diezaioke. Horrela, txirrindularien arteko lasterketa bihurtuko da jolasa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago