Dagoeneko 323 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; bost pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.
Une honetan 159 pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaletan. Arabako Unibertsitate Ospitalean 128ra jaitsi da koronabirusaren ondorioz ingresatutako lagunen kopurua; horietatik, 104 daude solairuetan eta 24 ZIUn. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 31 lagun artatzen ari dira.
Bitartean, hiru alta gehiago egon dira azken orduetan -horietako bat Ospitale Psikiatrikoan-, eta beste bi pertsona atera dira ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
Guztira, 268 test egin dira astelehenean Araban: horietako 214 negatiboak izan dira; hau da, egindako test guztien %79 baino gehiago. Hau da, oro har gero eta test gehiago egiten ari dira, eta, aldi berean, emaitza negatibo gehiago ematen ari dira positiboak baino.
[GRAFIKO INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta
1.662 salaketa eta 10.151 identifikazio
Gasteizko Udaltzaingoak 1.662 salaketa jarri ditu orain arte, Covid-19aren ondorioz ezarritako konfinamendu neurriak ez betetzeagatik. Horietako 28 salaketa astelehenean egin dira.
Horrez gain, martxoaren 15etik, 10.151 identifikazio egin ditu, 12 pertsona atxilotu ditu desobedientzia larriagatik, eta 9.720 ibilgailu ikuskatu ditu bide publikoan egiten dituen kontroletan.